INFO
Entrevue
Peio Artetxe
Eskean Kristö taldeko baxu-jolea

«Ohore bat da gu gogoan izatea Gazte Topagunerako»

Eskean Kristö 2011an Arratian sortutako Rock & Roll talde bat da. Pello Artabe abeslariak, Alex Harillo eta Aritz Ontalvilla gitarristek, Peio Artxe baxu joleak eta Manu Forte bateriak osatzen dute taldea. Aurtengo Gazte Topagunearen abestia egiteaz aparte, bertan joko dute gaur. Artetxek Eskean Kristören inguruko xehetasun gehiago kontatu dizkigu.

Eskean Kristöko kideak.

Nola eta zergatik sortu zenuten taldea?

Orain dela zortzi urte, 2011an, sortu genuen taldea Alex Harillok, Imanol Arresek, Igor Delgadok, Pello Artabek eta nik. Ni beste talde batetik nentorren eta beste lauak aurreko proiektu batetik zeuden elkarrekin. Rock'n rollak batu gintuen. Gure asmoa hori zen, rock'n rolla egitea, eta elkartu bezain pronto, taldea “berregituratu” eta martxan jarri ginen. Eskean Kristören sorrerak ez du inolako misteriorik edo istorio berezirik gordetzen.

Ordutik, zenbait joan-etorri eta aldaketa eman dira. Igorrek, gitarra jotzeaz gain, taldearen lehen maketa ere grabatu zuen, baina handik gutxira Londresera joan zen bere musika ikasketak jarraitzeko. Horrela bada, Aritz Ontalvilla ‘Sardina’-k ek bete zuen bere hutsunea. Bestalde, iaz, ‘Ezkurrik onenak’ diskoaren bira bukatu eta gero, Imanolek taldea uztea erabaki zuen. Eta Manu Forte arduratzen da orain bateria astintzeaz. 2011tik gaurdaino asmo berdinarekin jarraitzen dugu, alegia, rock'n rollaz gozatzea.

Zein musikarik inspiratu zaituzte zuen ibilbidean?

Taldekide bakoitzak bere talde kutunak eta bere musikari fetitxeak ditu. Rock'n rollaren mundua oso zabala da eta bertako iturri askotatik edan izan dugu, baita rock'n rolletik at dauden iturrietatik ere. Urteak pasatu ahala, musika berria ezagutzen joan gara, artista berriak jarraitu ditugu eta inspiratzeko erreferentez aldatu izan dugu. Hainbat musikariren artean, Eskean Kristön itzal handiena utzi izan duena Niko Etxart dela argi dugu denok. Bere musikaz gain, pertsona moduan asko miresten dugun artista handia da Niko eta zorionekoak gara berarekin hainbat une berezi bizi izanagatik. Guretzako Niko izarren artean dirdiratsuena da, izaki mitologikoak bezain magikoa.

Zein harrera izan du disko berriak? Behar bada ez da aurrekoak bezain Rock&Rolleroa?

Harrera ona izaten ari da. Azaroan kaleratu genuenetik 16 bat kontzertu eman ditugu eta ia areto denak bete ditugu. Entzuleak kontzertuetan oso gertu sumatzen ditugu eta gure “txou”aren parte hartzaile bihurtzen dira.

Estilo aldetik aurreko diskoak baino anitzagoa da. Horrek ez du esan nahi rockeroa ez denik, hori baita gure abiapuntua abestiak sortzeko prozesuan. Rock zale amorratuak gara baina beste toki batzuetan arakatzea gustatzen zaigu, gauza berriak probatzea eta nahastea. Azken finean, taldea sortu genuenetik 8 urte pasatu dira, eta normala denez, hazten goaz, ikasten goaz eta gustoz aldatzen goaz. Honek ez du esan nahi rockeroak izateari utziko diogunik, baina bai agian “rockero puristak” izateari. Honetan jarraitzen dugun bitartean esperimentatzen jarraituko dugu. Hori da gure esentzia.

Azken aldian Oi eta Reaggea musikaren gorakada bat ematen ari da Euskal Herrian baina, badirudi euskal Rocka ez dabilela bere onenetan. Zer uste duzue?

Rockak urte asko daramatza bizirauten, sortu zenetik esan genezake. Izan ditu bere gorakadak eta beherakadak. Eta hor dirau, eta badira kasik ehun urte jaio zenetik. Rocka inoiz ez da modan egon, baina aldi berean ez dio modan egoteari utzi. Askok diote rocka hiltzen dabilela eta hiltzen jarraituko du guk rock'n rolla egiten dugun bitartean, baina ez da desagertuko. Agonia kroniko baten bizitzea tokatu zaio eta guk agonia hori luzatzen segituko dugu, temati.

Estilo guztiek daukate noiz edo noiz bere momentu goxoa eta momentu garratza, eta hori ez da ez ona ez txarra. Euskal musika askotarikoa da eta hain biztanle gutxi izanda zortea daukagu estilo desberdinen artean aukeratzeko hain eskaintza zabala izatea. Zer dagoen modan eta zer ez entzuleak erabakitzen du. Guk bitartean gustuko duguna egiten jarraituko dugu. Ez daukagu inorekin lehiatzeko asmorik, ez estiloetan ez negozioetan.

Kontzertuetako estetika garrantzitsua da zuentzat?

Bai, oso. Ez dugu ahaztu behar kontzertuak entzuteaz gain, ikusi ere egiten direla. Gu musika talde bat gara eta dudarik gabe, gure musika da gure identitate marka eta altxorrik garrantzitsuena, baina ez dugu ahaztu behar honek ez duela gure nortasunaren %100a osatzen. Diskoen portadak, kamisetak, logotipoak, atrezzoa, janzkera, izaera... hori ere musika talde bateri lotuta doazen faktoreak dira eta iruditeria guzti hori begietatik sartzen da. Musikaren alde instrumentala eta letraren arteko lotura logikoa bilatzen saiatzen garen modura, gure soinuari bere lotura bisuala ongi egiteari ere eskaintzen diogu gure denbora. Denak ildo logiko bat jarraitu behar du nortasun indartsu eta bereizgarri bat sortzeko, eskaparatean ikusten gaituen guztiek nortzuk garen eta zer egiten dugun jakiteko.

Kontzertuetako estetikan atrezzo, janzkera eta izaerari ematen diogu garrantzia. Gu eroso gauden toki bat sortzea bilatzen dugu, gure musikarekin bat egiten duen espazio bat eraikitzea ondoren ikus-entzuleei hau guztia transmititzeko. Guk soilik egin dezakegun zerbait bilatzen saiatzen gara munduan nortzuk garen jakin dezaten.

Oholtzaren gainean espektakulu handia ematen duzue. Hori ere garrantzitsua da zuentzat?

Aurreko galderan esan dudan bezala, bai. Espektakulua gure izaeraren isla da eta gure nortasuna da entzun eta ikustearen artean lotzen duen soka. Egiten dugun musikak bizitasuna transmititzen digu eszenatokian, eta ondoren, entzuleari transmititzen diogu. Horrek guztiak baldintzatzen zaitu gero abestiak konposatzean eta gurpil antzerako bat sortzen da non berriz ere hasierara bueltatzen zaren.

Etengabeko hartu-eman antzeko bat. Zein edo zeintzuk dira bereziki gogoratzen dituzuen kontzertuak?

Hasi ginenetik kontzertu asko eman ditugu eta zaila da denen artean kontzertu batekin geratzea. Gure oroitzapen kuttunak ditugu kontzertu batzuetaz arrazoi desberdinengatik. Badira kontzertu batzuk non kartel bereziak izan diren: EHZ festibala, Bartzelonako Razzmatazz, 19.Korrikaren iritsiera Bilbon... beste batzuk sortu den giroarengatik edo tokia berezia zelako, Bergarako Kartzela Zaharra edo Ondarruko Portuko Ranpi aretoak bezala. Disko aurkezpenak, bira itxierak, espero ez dituzun kontzertuak, anekdotak utzi dituztenak... denak daukate zerbait berezia. Emandako kontzertu txarretaz ere oroitzen gara eta ikasteko ondo datorkigu emanaldi zoritxarreko hauek. Hasi ginenetik emandako kontzertu guztiak gogoratzen ditugu, baina bakoitza emozionalki ez dugu berdin oroitzen.

Bi disko Baga-biga disketxearekin atera eta gero, orain autoprodukziora jo duzue (Trumonots Records). Zergatik aldaketa hori?

Aldaketa behar genuen. Orokorrean azken diskoan aldaketa asko izan dira, bai musikari dagokionez zein kudeaketari. Gaur egun talde askok autoekoizpenera jotzen dute eta modan dagoen zerbait dela ematen du. Gure kasuan ez zen moda kontua izan, alegia, disko berria ateratzear genuela hainbat disketxerekin hitz egin genuen. Batzuek ateak itxi zizkiguten, edo kasurik egin ez, hobeto esanda. Eta beste batzuekin ez gentozen bat.

Zentzu askotan, talde mokofina gara, eta arreta handiz ematen ditugu eman beharreko pausuak. Horren ondorioz, guztia gure erara egitea erabaki genuen eta momentuz ondo doakigu. 360 graduko autoekoizpena da gurea, bai diskoaren argitalpena, bai kontzertuen managementa, gure gain hartu ditugu. Egia esan, lan dezente suposatzen du, eta are gehiago hasiberria izanik, baina taldea guk nahi dugun bezala kudeatzeko era bakarra da. Norbaitek zerbait bere modura egin eta lortu nahi duenean, norberak bere metodoa sortzea besterik ez dauka, nahiz eta sarritan bidea aldapatsuagoa bihurtu.

Nolakoa izan zen autoekoizpen hori? Zailtasunik izan zenuten?

Hutsetik hasten zarenean dena zaila ikusten da, baina hastea besterik ez duzu. Astiro-astiro bidea hasten duzu, akatsetatik ikasiz eta ondo egiten dituzun gauzekin motibatuz. Oraindik hasten gabiltzala esango nuke eta gure erritmora aurrera egiten goaz. Batek daki etorkizunean autoekoizpenaren bidetik jarraituko dugun baina konbentzitzen gaituen ezer aurkitzen ez dugun bitartean gure kabuz kudeatuko dugu Eskean Kristö.

Musikatik bizi zarete?

Zoritxarrez, ez. Oso zaila da musikatik bizitzea eta are gehiago euskaraz egindako rock'n rolletik. Honetan hasi ginenetik argi genuen gure musika estiloan eta abesten genuen hizkuntzan ez zela erraza izango Eskean Kristö ogibidetzat izatea. Guk musika zaletasuntzat daukagu lehendabizi, gehien gustatzen zaigun afizioa da eta ondo moldatzen gara esparru honetan. Agian beste musika mota bat eginez edo gazteleraz zein ingelesez abestuz oihartzun handiagoa izango genuke eta horrela gure afiziotik etekin handiagoa atera, baina gure esentzia ez zen berdina izango eta ez genuke berdin disfrutatuko.

Musikatik bizitzeko entzuleak dauka pisu handia erabaki horretan. Entzuleak erabakitzen du zer entzuten den eta zer ez eta zure produktua sortu eta saltzerako orduan kontutan izan behar duzu kontsumitzailea, baina zure nortasuna galdu gabe. Norbere musikarekin harro egon behar den lehena musikaria da, horregatik zailena sortzailearen poza eta entzulearen nahiaren arteko zubia eraikitzea da.

Beste faktore bat sortzailearen apustuan dago. Norberak bere “arte/sorkuntza/produktuan” sinetsiz gero, dena alde batera utzi eta amets bat egi bihurtzen saiatu beharko luke, baina sistemak ez du errazten apustu hori egiteko bidea ezta bizirauteko ere.

Guk argi daukagu gure musikaren ikuskatzaile, kritikari eta epaile lehenak gu izango garela, galbaherik zorrotzena guk geuk pasatzen diogu egiten dugun guztiari. Gauzak bihotzetik eta bihotzez egiten ditugulako, eta ilusio handiz. Ondoren, gustuko duenak hartu dezala eta ikusiko dugu etorkizunean gure entsegu lokalak ofizina baten rola hartzen duen.

Etorkizunari begira zerbait prestatzen ari zarete? Autoekoizpenarekin jarraituko duzue?

Disko berria atera berri dugu azaroan eta orain kontzertuak emanez disfrutatzea daukagu buruan. Momentuz ez daukagu proiektu berririk epe laburrerako baina batek daki, ideia berritzaileak sarritan momentuan iristen dira eta ezin dira alferrik galdu. Autoekoizpenaren aldetik, aurretik esandako moduan, hasiberriak gara mundu honetan eta oraindik asko daukagu egiteko. Gure ibilbidean suertatzen diren aukerak baloratuko eta oztopoak gaindituko ditugu eta erabakiak hartzen joango gara, beti ere Eskean Kristörentzat hoberena dena kontutan izanik.

Gazte Topagunean jo bakarrik ez, bertarako abestia ere sortu duzue. Zein garrantzi ematen diozue ekimen honi?

Gazte Topagunea plaza berezia da euskal taldeentzako. Euskal Herri mailan egiten den festibal handienetarikoa da eta euskal talde ezagunenek jotzen dute bertan. Guretzako ohore bat da gu gogoan izatea ekitaldi honetan jotzeko, eta are gehiago, Lemoan egingo den edizio honi doinua jartzea, 40.urteurrenean gainera. Orain dela bi urte Igorren egin zen ekitaldian parte hartu genuen, Gazte Akelarrea izendatu zen orduko hartan.

Oraingoan bigarrenez izango gara, Arratian antolatzen den bigarren aldian baita eta irrikitan gaude. Gu 19an igoko gara oholtzara jaialdiari hasiera ematen eta egun hartan beste talde handi batzuekin girotuko ditugu Lemoako bazterrak, esaterako, Gatibu eta Su ta Garrekin. Gazte jendeak gazte jendearentzako elkarlanean antolaturiko festa da, eta horrek balio erantsia ematen dio Topaguneari. Aldarrikapenerako plaza eta bozgorailu ere bada, eta ez alperrik, izan ere, badugu zer salatu, zer zaindu eta zer defendatu. 40 urte dira Gazte Antolakundea sortu zenetik, eta hortzak erakusteko motiboak ez dira falta. Guk musika baliatuz emango diogu gure bultzada.