INFO

Emakumezkoen lehiaketa berria zergatik babesten duen azaltzeko galdegin diote Elizegiri

Athleticen alde bustiko gara plataformak azalpenak eskatu dizkio Athleticeko zuzendaritza batzari Estatu espainiarreko federazioak proposatutako emakumezkoen futbol lehiaketa berria babesteko hartutako arrazoien inguruan.

Rubiales Elizegirekin Ibaiganen. (@AthleticClub)

Apirilaren 29an Estatu espainiarreko futbol federazioaren ohiz kanpoko asanbladak emakumeen futbol lehiaketa berriaren inguruko proposamena bozkatuko du. Martxoaren 25ean Luis Rubiales Estatu espainiarreko futbol federazioko presidenteak bere proposamena azaldu zien lehenengo eta bigarren mailako taldeei, eta bakarrik hiru talde agertu ziren alde, Athletic eta Barça haien artean.

40 konpromisariok eta 300 bazkidek osatzen duten Athleticen Alde Bustiko Gara plataformak, Athleticeko zuzendaritzak Rubialesen alde hartutako posizionamendu hori ez duela ulertzen adierazi du ohar baten bitartez, «batez ere talde gehienak kontra agertu ondoren».

Izan ere, egoera «korapilatsu» hau Luis Rubialesen eta Javier Tebasen arteko beste borroka bat bezala ulertzen du plataformak, «batez ere telebistako eskubideen kontrola lortzeko».

Athleticen alde bustiko gara plataformak, Athleticek proposamen horri babesa emateko arrazoiak ez dituela ezagutzen adierazi du, eta horregatik apirilaren 27a baino lehen, arrazoi horiek azaltzeko eskatu dio zuzendaritzari.

«Zentzuzkoena izango litzateke, emakumeen futbolarentzako erabaki honen garrantzia kontuan izanda, larrialdi moduan asanblada informatibo bat antolatzea, bazkidearen iritzia ezagutu eta jasotzeko. Era honetan ulertzen baitugu ‘bazkideari ahotsa eta iritzia eman’ kontzeptua», adierazi dute.

Azkenik, plataformak erabakiaren aurrean, «kontrako iritzia eta jarrera» adierazi du, «Tebasi eta Rubialesi, zeinek emakumeen futbola haien eztabaida pertsonaletarako erabiltzen duten, emakumeen futbola oso gutxi inporta zaielako». Horregatik, Athleticeri apirilaren 29ko bozketan parte ez hartzea eskatu dio.