INFO

Etxera itzulitako 19 lagun lan munduan sartu dira iaz, Harrera Elkarteari esker

Bere zortzigarren biltzarra ospatu du gaur Harrera Elkarteak, Elgetan, eta beste gauza batzuen artean 2018an zehar eginiko lanaren balantzea egiteko baliatu izan du: 19 lagunei lanpostua lortzen lagundu die eta 35 lagunentzako dirulaguntzak izan ditu.

Harreraren zenbait arduradun, gaur Elgetan eginiko batzarrean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

2012. urtetik, etxeratzen diren preso ohi, iheslari ohi eta deportatu ohiei mota guztietako laguntzak emateko burubelarri dihardu Harrera Elkarteak. Ibilbide hori egina, urteko VIII. Biltzarra ospatu du gaur, Elgetan. Denbora honetan guztian 350dik gora lagun itzuli dira, premia ezberdinak izanda, batzuetan oso larriak. Eta etxeratze hori errazten ibili da Harrera. Egun jada 3.165 bazkide ditu, GARAri Sabin Barinagarrementeria presidenteak eta Karlos Ioldi presidenteordeak elkarrizketa batean jakinarazi ziotenez, edo bestelako laguntza garrantzitsuak ari dira jasotzen: donazioak, Auzitegi Nazionalak bere garaian jarritako fidantzak berreskuratu ostean elkartera bideratzea...

Gaurko batzarrean, urtero bezala aurreko urtean egindakoaren balantzea eman dute Harreraren arduradunek: aske gelditu diren 36 lagunak eta bere egoera juridikoa normaldu ondoren Euskalerriratu diren beste 7 izan dituzte kontuan. Horietako 19 lan munduan sartzea ahalbideratu du elkarteak: 10rentzako kontratu finkoa lortu du, 7rentzat behinbehinekoa eta 2k praktiketan dihardute.

Dirulaguntzei dagokienez, inolako baliabiderik ez zuten 21 lagunei eman diete, eta beste 14rentzat laguntza hori puntuala izan da.

Harrerak eskaintzen duen arreta integrala da: horren seinale da 19 lagunei NANa ateratzeko laguntzen eman diela, eta gidatzeko karneta eskuratzeko 10 lagunei. Osasun arreta, azkenik, etxera etorritako 23 lagunek izan dute, Harrerari esker.

«Lortu dugun eskarmentua kontutan izanik, argi eta garbi esan dezakegu gehiengo zabalenak bere borondatearen indarrez eta ingurukoen laguntzarekin berregokitze prozesu hau era baikorrean burutzen duela –aipatu dute elkartearen arduradunek–. Baina zailtasunak izaten dituzten ere pertsonak badira eta azken hauek dira elkartearen arreta berezia bereganatzen dutenak».