Oinatz Bengoetxeak berriz ere eten du Retegiren bidea (22-16)
Leitzakoa 13-1 aurreratu da hasiera bikain batean, baina Julen Retegik amaieran estutu du eta ikaragarri sufritu du orain bi urteko txapeldunak.
Bi pilotari hauek txapelketan elkarren aurka jokatu duten guztietan bezala, Oinatz Bengoetxeak berriz ere eten du Julen Retegiren ibilbidea, Labriten 22-16 nagusituta. Mikel Urrutikoetxea izango da, hurrengo igandean Bilbon, nafarraren aurkaria.
Gaurko partidak bi zati oso desberdin izan ditu. Lehenengoan, Oinatz Bengoetxea bikain aritu da, sotamanoarekin partidaren erritmoa berak jarri ahal izan du eta Julen Retegi presaka aritzera behartu du. Saketik ere asko asmatu du Baikoko aurrelariak eta neurketa ia erabakita utzi du 13-1 eta 14-2 aurreratuta.
Lehia, ordea, erabat aldatu da une horretatik aurrera, pilotei bezala, Bengoetxea VI.ari txispak ihes egin dio besotik, pixkanaka Julen Retegi jabetu da piloteoaren erritmoaz eta markagailua orekatuz joan da 16-7 lehenengo eta aurkariaren nekea aprobetxatuz, 19-14 ere gerturatu da Eratsungoa. Hasieran emandako aldea, ordea, gehiegizkoa izan da eta Bengoetxeak eraman du garaipena.