INFO

Harria Hitz ibilbide inklusiboa, zerbitzu publikoak benetan denentzat izan daitezen

Usurbilgo herrigunean kokatutako ibilbide kulturala da Harria Hitz, aniztasuna oinarri, jende guztiak gozatzea nahi dutena. Usurbilen dago, baina bertze hainbat testuinguru eta erabileratara zabal daiteke, museo eta eraikin publikoetara, adibidez. Bide emankor baten hasiera izatea nahi dute.

Zuriñe de Anzola Guerra AccesibleForAll enpresako kidearekin batera, Harria Hitz ibilbidea egiten, Usurbilen. (Gorka RUBIO/FOKU)

Normalean, irisgarritasuna proiektu bat egin eta gero hartzen da kontuan. Usurbilgo Udalak, AccessibleForAll enpresak eta Elhuyar Fundazioak elkarrekin landu duten Harria Hitz egitasmoan, ordea, inklusibitatea oinarria da, hasieratik bilatu baitute pertsona guztientzako zerbait egitea.

Harria Hitz ibilbide kultural bat da, Usurbilgo erdigunean kokatua. Mendiburu, Zumeta, Aranguren, Elexpe, Zabala... Artista entzutetsuen obrak hartzen ditu barnean. Gaur aurkeztu duten aplikazio berriari esker, aukera bera izanen dugu denok bisitatzeko, «bakoitza den bezalakoa izanda, inor baztertu gabe».

Xabier Arregi alkateak nabarmendu duenez, elkarlan honetan, bidea bera izan da emankorra. Alde batetik, zer nolako aniztasuna dagoen jabetu direlako; bertzetik, sentsibilitatea astindu dielako lan honek. «Administrazio publikook badugu betebehar bat eta hau bide emankor baten lehenengo urratsa izatea espero dugu, zerbitzu publikoak benetan denontzat izan daitezen».

Harresiak nola bota

Zuriñe de Anzola Guerra AccesibleForAll enpresako ordezkariak eman du garatu duten aplikazioaren ezaugarrien berri: erabiltzeko erraza da, intuitiboa, sei hizkuntzaren artean aukera daiteke, hainbat formaturen artean ere bai (audioa, piktograma eta irudiak, brailea...), irakurketa erraza erabili dute ulergarria izan dadin, modu autonomo eta seguruan erabil dezake norberak bere mugikorrean...

Ikusmen urritasuna dutenei informazio guztia jartzen die eskuan. Entzumen urritasuna dutenei, mapa eta testuak ematen dizkie, eta dibertsitate kognitiboa dutenei, hizkera atsegin eta erraza. «Harresiak nola bota daitezkeen eta kultura pertsona guztiei nola zabaltzen ahal zaien erakusten duen adibide bat da», nabarmendu du De Anzolak.

Zazpi puntu dituen ibilbidearen zati bat egin dugu berarekin, eta ikusmen urritasuna dutenentzako aukerak nola funtzionatzen duen ikusi dugu gunez gune, Dema plazan hasita. Aplikazioak GPSaren bidez gidatzen du erabiltzailea eta puntu kritikoen berri ematen du; Zuriñeren kasuan eskailerak izan daitezke, adibidez. «Erabiltzaileak erabakitzen du igo eta eskultura bat ukitu ala ez».

Laguntza botoi bat ere badu, hasierara bueltatzeko bidea erakusten duena, eta zuzenean zerbitzu orokorretara joateko beste bat: botika, garraio publikoa, erietxea, parking egokituak... AccesibleForAll enpresako kideak azaldu duenez, tresna bizia da eta edozein hobekuntza txertatzeko aukera ematen du. Zeinu hizkuntza aipatu du adibide bezala.