INFO

Txus Martinek eta bere senideek jasandako «tratu gizagabea» salatu du Sarek Bilbon

Lakuako Gobernuak Bilbon duen egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin du Sare Herritarrak Txus Martinen eta, berak bezala, gaixotasun larriak dituzten gainerako presoen «berehalako etxeratzea» aldarrikatzeko. Ertzaintzaren jarrera «nabarmen aldatu» bada ere, aurreko egunetan preso basauritarrak eta bere senideek jasan duten «tratu gizagabea» ere gogor salatu dute. 

Lakuako Gobernuak Bilbon duen egoitzaren atarian egin du protesta Sare Herritarrak. (FOKU)

Sarek gogoratu duenez, joan den larunbatean deitu zuten elkarretaratzea, Zaintza Epailearen autoaren inguruan Segurtasun Sailak egindako «interpretazio guztiz murriztailea» salatzeko. Bihotzeko ebakuntza egin zioten Txus Martini, eta Lakuaren erabakiak, «Ertzaintzaren une oroko presentzia ahalbidetzen zuen gelan bertan». 

Inaxio Oiarzabal bozeramaileak azaldu du «azken orduetan» preso basauritarraren gaineko zaintza lan zorrotz horiek «nabarmen aldatu» direla, Sarek eta presoaren senide eta lagunek egin dituzten eskaeren harira, «Gizatasuna eskatzen genuen; zurruntasun gutxiago izatea eta preso honen egoera kliniko konplexuaren gaieko eragin ahalik eta gutxien izatea», adierazi du. 

Sareren iritziz, larriki gaixo dauden presoen inguruko «arazo estrukturalak bere horretan» dirau. Horren ardura, «batez ere», Espetxe Zuzendaritzarena eta, «kasu honetan, baita, Espetxe Zaintza Epaitegiarena ere». 

Hori dela-eta, Oiarzabalek «beste behin ere» euskal presoen giza eskubideak errespetatzeko eskatu du, bereziki, osasuna eta bizitzeko eskubidea. «Espetxe politika aldatzea eskatzen dugu, kasu honetan, larriki gaixo diren presoei dagokionean tratamendua espetxetik kanpo eta senideekin jaso ahal izateko». Oraindik ere salbuespen legeria indarrean jarraitzea gaitzetsi du Sarek. 

Horrexegatik, eta Ertzaintzaren jarreran «behar beharrezkoa zen» aldaketa egon bada ere, Sarek elkarretaratzea mantentzea erabaki du, aurreko egunetan Txus Martinek eta bere senideek jasan behar izan duten tratua salatu eta larriki gaixo dauden presoen berehalako etxeratzea eskatzeko. 

«Etxean eta bizirik nahi ditugu» esanaz amaitu dute elkarretaratzea.