INFO

Jaso ikastolako ikasleak berdintasuna eta aniztasunaren alde, oholtza gainean

Genero berdintasuna eta aniztasuna jorratzen duen musikala ekoiztu dute aurten Iruñeko Jaso Ikastolako ikasle eta irakasleek.

jaso

‘ASKE!’ ikuskizuna Jaso Ikastolako Antzerki eta Musika Taldearen obra da, euskara sustatu eta kultura egiteko beste modu bat aldarrikatu nahi duen egitasmoa. Aurtengoan gainera,  genero berdintasuna eta aniztasunaren gaia jorratzen du ikuskizuneko pasarte eta abestien bidez.

Aniztasun sexualaren trataera gai nagusitzat hartuta, Jaso Ikastolak komedia bat eramango du oholtzara. Onarpen eta aniztasun sexualaren mezua zabaltzeko asmoarekin sortutako musikalak gazte desberdinen istorioa kontatzen digu. Euren beldurrei aurre egitea izango da haien erronka nagusia, baina, batez ere, ingurukoek bizi duten itsutasuna argitzea, itsutasun hori sistema patriarkalaren ondarea denez, ez baitira gazte hauek bizi dituzten barne borrokak onartzeko gai.

50 ikaslez eta 4 irakaslez osatutako taldeak, –36 ikasle agertoki gainean eta 14 atzeko aldean–, zortzi hilabete daramatza diziplina ugari batzen dituen ikuskizuna prestatzen. Euren kaxa sortu dituzte eduki guztiak; gidoia, koreografiak, jantziak, kantak, eta baita eszenografia eta argi eta soinu diseinua ere.

Maiatzaren 3an Barañainen estreinatu ostean, Jaso Ikastolak beste hainbat antzokitan oholtzaratuko du 'ASKE!'. Ekainaren 4an Baluarten eskainiko dute, irailaren 27an Baionan izango da ikusgai, urriaren 11n Tuteran taularatuko dute, eta bukatzeko, urriaren 19an Donostiara joando dira, Kursaalera.

Albistean, Jaso Ikastolak, Festaroren eskutik Musikaleko unitate didaktikoetarako sortutako bideoklipa dago ikusgai.