INFO

Ekonomia zirkularra eta tokiko produktua lehentasun gisa ezarri ditu Asironek

«EH Bildu da Iruñean aldaketa geratzeko etorri denaren bermerik onena», adierazi du Joseba Asironek. Gaur goizeko agerraldian, udal subiranotasuna defendatu, ekonomia zirkularraren eredua bultzatu eta tokiko produktuan oinarritutako gertuko komertzioa sustatzearen alde egin du.

Autobus Geltoki Zaharreko eraikinean ekitaldia egin du EH Bilduk. (EH BILDU)

Iruñeko alkateak eta karguan errepikatzeko EH Bilduren hautagaiak, Joseba Asironek, udal subiranotasuna defendatzearen alde egin du, Udalak duen diru soberakina kudeatu ahal izateko. «Une honetan 65,7 milioi euro daude geldiarazita Estatuko Aurrekontuen Egonkortasunerako Legearengatik». Funts hori «Iruñeko hiritarren bizitza hobetzera» bideratzearen alde egin du Asironek.

Era berean, Asironek ekonomia zirkularraren eredua eta tokiko produktuan oinarritutako gertuko komertzioa sustatzearen alde egin du. «Geltokik islatzen duen ereduan sakontzen alegia». Hain zuzen ere, proiektu honen instalazioetan, Autobus Geltoki Zaharreko eraikinean, EH Bilduren hautagaiak Aranzadiko Ekoparkea indartzearen alde egin du, «ekonomia zirkularrean ikasteko motore gisa».

Halaber eta enplegu politikari erreferentzia eginez, Asironek lau urteko laguntza eta sustapen plan baten alde egin du, «ekintzaileei eta enpresa proiektu berriei zuzendurikoa, finantzazio bide berri bat izango duena».

«Legegintzaldi honetan egindako kudeaketa ekonomia onaz gaindi, bide handia dago oraindik ere Iruñean berdintasun ekonomiko eta soziala lortzeko», adierazi du. «Iruindar guztientzat kudeatuko dugu, baina bereziki gaizkien pasatzen ari diren guztientzat: hilaren amaierara iristeko zailtasunak dituztenak, etxebizitza duina izateko ezintasunak dituztenak…», gehitu du Asironek. Era berean, «kontu publikoak ongi kudeatzea, aberatsak ginen garaietan eta aurreko gobernuek eginiko xahuketatik eratorritako zorra kitatzea» du jomuga. Alkatearen hitzetan, azken legealdiak «agerian utzi du EH Bilduk ongi kudeatzen duela, modu arduratsuan, eta bereziki, pertsona guztiek aukera berdinak dituztela», gehitu du Asironek.

Eta bozkatzera joateko deia egin du, «aldaketa politikoa defendatzeko», maiatzaren 26ko hitzordua «plebiszitu bat izango delako Navarra Sumak ordezkatzen duen iraganaren eta EH Bilduk gidatzen duen etorkizunaren artean».