INFO

300 gaztek beren proiektuak aurkeztu dituzte Elhuyarrek antolatutako Zientzia Azokan

90 proiektu aurkeztu dituzte Elhuyar Zientzia Azokan Euskal Herriko 308 gaztek; horietatik 188 neskak izan dira eta 120, mutilak. Ikasleen artean zientziarako zaletasuna eta kultura zientifikoa suspertzea eta zabaltzea du helburu ekimen honek.

Elhuyar Zientzia Azokaren inaugurazioa, gaur eguerdian, Bilbon. (Elhuyar)

Elhuyarren Zientzia Azoka, 12 eta 18 urte bitarteko ikasleen proiektu zientifikoen erakustokia, eguerdian zabaldu dute Bilboko Plaza Barrian. Bertan, ikasleek ikasturtean egindako lanak jendeari azaltzeko aukera izan dute.

Antolatzaileak gustura agertu dira ikertzaileen parte-hartzearekin. «Unibertsitate eta zentro teknologikoetako 280 ikertzailek eman zuten izena ikasturte hasieran ikasleekin lan egiteko», adierazi dute. Euskaldunez gain, Bartzelonatik, Galiziatik eta Portugaletik ere etorri dira taldeak azokara.

Elikagaietan glutena detektatzeko tailerra; garuna ezagutzeko gunea; 11 urteko ikasleentzako jolas-erreminta... Askotariko proiektuak erakutsi dituzte. Sari gisa, zentro teknologiko eta enpresak ezagutzeko egonaldiak eta bisitak emanen dizkiete gazteei, baita beste azoka batzuetan parte hartzeko akreditazioak ere, zientziarekin lotutako bizipen gehiago izateko.