INFO

Murgiltze ereduaren aurkako mehatxuei aurre egiteko deia egin du Seaskak Herri Urratsen atarian

Igande honetan Herri Urrats besta eginen da Senpereko aitziran. Urte berezia da. Alde batetik, Ipar Euskal Herrian lehenengo ikastola sortu zenetik 50 urte igaro direnean ospakizuna eginen duelako Seaskak. Era berean, lanpostuen murrizketa eta oro har murgiltze ereduaren etorkizunari buruz frantses Gobernuaren aldetik azaldu diren hodei beltzak uxatzeko beharra azpimarratuko du ikastolen federazioak.

Euskaltzaleek igandean hitzordua dute Senperen. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Azken hiru hilabeteetan buru-belarri jardun dute Seaskako arduradunek eta Frantziako Hezkuntza Nazionaleko ordezkariek iaz agortu zen konbenioa berritzeko xedez.

Iaz, Ipar Euskal Herriko hautetsiek sostengua eman zioten elkarrizketari. Azkenaldian, berriz, Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) eskutik hautetsiek esku-hartze zehatza izan dute ondoko hiru urteetarako akordioa izenpetzea xede duen negoziaketa horretan.

Estatuaren eta Seaskaren arteko elkarrizketaren egoeraren berri emanen du, igandean, Herri Urratsen atariko ekitaldian bere agintaldiaren ondarrean dagoen Paxkal Indo Seaskako lehendakariak.

Akademiako erretoretza-buruak, Olivier Duprip-ek, ekimen horretan parte hartzeko gonbidapena jaso du. Bere presentziak akordioaren aldeko keinu bezala hartuko lukete ikastolek.

Hain zuzen ere, akordioa berritzeko negoziaketari buruz hitz egin du aste honetan Max Brisson senatari eskuindarrak ‘Mediabask’-en.

Bere esanetan, «murgitze ereduaren gainean zein frantsesa hizkuntza lehenago ikasten hasteko Estatuak eginiko planteamenduari buruz» posizioak hurbildu dira.

Hala eta guztiz ere, koxka handiena lanpostuen banaketan datza. Azkeneko berrien zain, bi aldeen arteko aldea handia litzateke oraindik ere.

Ikasle ratioaren emendatze jasangaitza

Heldu den ikasturtean lehenengo eta bigarren hezkuntza mailan jarduteko 30 irakasle lanpostu berri sortzeko beharra nabarmendu du Seaskak.

Matrikulazioen hazkundeari erantzuteko, Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko ikastolen Federazioa hamar bat postu beregain hartzeko prest agertu da. Alta, Frantziako Hezkuntza Nazionak bost lanpostu baizik ez luke diruztatuko.

Irailetik aurrera, 4.200 ikasle izanen dira Seaskako ikastolen sarean. «Egoera honetan, klase bakoitzean gutxienez 35 ikasle hartu beharko genituzke», ohartarazi du Indok.

Horren aurrean, kolegioetako irakasle eta gurasoek urrats bat eman dute aste honetan bilkurak antolatuz eta igandean bertan, kamiseta berdea jantzita, protesta ekimena deitu dute Herri Urratsen denboran.