Europarako aukerak Valentzian utzi ditu Alavesek (3-1)
Ximo Navarrok korner batean lortutako golari esker aurreratu dira gasteiztarrak, baina etxeko taldeak markagailua irauli du Carlos Soler, Santi Mina eta Gameiroren bidez. Partidaren datuak
Alavesen denboraldi polita sari extrarik gabe amaituko da, Europan aritzeko azken aukera Valentzian xahutu baitu bertako taldearen aurka 3-1 galduta. Denboraldia luze egin zaie gasteiztarrei eta gaurkoa bederatzigarren partida izan dute jarraian irabazi gabe, zazpigarren postutik betiko aldenduz.
Eta hori gauzak oso ondo jarri zaizkiola Abelardoaren taldeari 11. minutuan Ximo Navarrok korner batean sartutako golaren ostean. Europa Leagueko finalik gabe geratu eta gero, eta Mestallako zaleak bere taldearen aurka jartzen ari zirenean, ordea, Duartek baloi bat urruntzerakoan egindako hutsa ondo aprobetxatu du Carlos Solerrek eta giroa erabat aldatu da Marcelinoren mutilentzat.
Are gehiago aldatu da giroa, defentsan egindako beste huts bati esker, Valentzia markagailuan aurreratu denean. Santi Minak buruz errematatu du adierazi behar ez zen korner bat eta hortxe amaitu dira arabarren aukerak. Partidari buelta emateko gaitasunik ez dute erakutsi Abelardorenek eta bigarren zatian Gameirok egin du 3-1ekoa.