INFO

Ikastola berria ospatuz baina 30 postu eskatuz, 36. Herri Urratsen

Ekitaldi luze bezain mamitsuarekin ekin dio Seaskak bere 50. urteurreneko Herri Urratsi. Umoretsua eta hunkigarria ere izan da auzapez ugari, departamentuko kontseilariak, alderdi eta sindikatuetako kideak, euskalgintzakoak, senatariak, diputatuak... parte hartzaile pila bat izan dituen bestaren inaugurazioa.

Herri Urratsen, dantzaz gozatzen, eguerdi partean.

Hunkigarria izan da Herri Urratsen hasierako ekitaldia, Paxkal Indo 2008tik Seaskako lehendakari izan denak kargua utzi duelako (oraindik ez dute iragarri nork hartuko duen lekukoa), erretreta hartu duten bederatzi irakasle omendu dituztelako, bidelagunei eskerrak emateko unea izan delako (tartean jada hemen ez daudenak edo gaizki pasatzen ari direnak)... Baina hitz-hartzeak, batez ere, aldarrikatzaileak izan dira.

Eskola publiko eta pribatuetan garatzen hasi den «murgiltze eredua suntsitu nahi du frantses Estatu jakobinoak», salatu du Indok. «Gainera, ikastolei behar ditugun postuak ukatzen dizkigu». Erantsi duenez, hiru sareetan behar-beharrezkoa dute murgiltze eredua, ikastolek bakarrik ezin baitute euskaldundu. «Beraz, murgiltze eredu publikoaren borroka gurea ere bada».

Joan den ikasturtea Hezkuntza Ministerioarekin eta Euskararen Erakunde Publikoarekin (EEP) hitzarmenik lortu gabe joan zen. Azken hilabeteetan negoziaketetan ari dira, eta horren inguruan ikuspuntu ezberdinak eman dituzte Indok eta Beñat Arrabit EEPko lehendakariak.

Arrabitek ituna «adostekotan» direla iragarri du eta barne hartuko dituen puntu batzuk ere azaldu ditu: «Seaskaren eredu pedagogikoaren ezagutza, murgiltze sisteman oinarritua...». Izenpetzeko data ere bota du: «Uztailak 2».

Baina, gibelean, zalantza keinuak egiten zituen Indok. Eta gero, hitza hartu duenean, behar dituzten «posturik gabe ez dela hitzarmenik izanen» ziurtatu du. Gaur ez dakite zenbat postu izanen dituzten heldu den sartzean. «30 behar ditugu gutxienez eta momentuz bost postu eskaintzen dizkigu Ministerioak. Ez dugu proposamen seriorik ukan».

Bertze data bat jarri du, hortaz, mahai gainean: heldu den ostirala, maiatzak 17, 18.00etan Donibane Lohizunen, 'Euskaraz ikasi nahi dugu. Murgiltze eredua ez unki' leloarekin. «Mobilizazioa deitu dugu jada, badaezpada», erran du.

2.500 lagun lanean

Gaur Senpereko lakuaren inguruan egiten ari diren besta ederra antolatzen eta zaintzen 2.500 ikasle, guraso, langile eta lagun ari direla oroitu, eta eskerrak eman dizkie Seaskako lehendakariak.

Ibilbidearen sarreretako batean, bigarren mailako ikasle, irakasle eta gurasoek elkarretaratzea deitu dutela ere agertu du, euskarazko kalitatezko hezkuntzaren alde, «baldintzak okertzen ari direlako eta heldu den ikasturterako aurreikuspenak ez direlako baikorrak».

Amaitzeko, berri on bat: Seaskaren 37. ikastola jaioko da heldu den sartzean, Arbona-Ahetzen.

11 urteko ibilbidean egin dituen lagun eta bereziki etsaiei eskerrak eman, eta bestara gonbidatu ditu guztiak Paxkal Indok. Negarrez amaitu du, hunkituta malkoei ezin eutsirik, lagunez oroitzean, eta aretoa betetzen zuen jende guztia zutik jarri da txaloka. Mahaian hitza hartu duten kideek ere ez dituzte hitz onak bertzerik izan berarentzat.

Bitartean, besta hazten eta hazten ari da aintziraren bueltan; tirolinan, piraguan, oinez zein dantzan, egun eder bat pasatu bitartean Ipar Euskal Herriko ikastolei eta euskarari bultzada emanez.

Muxikoak dantzatu dituzte adin guztietako lagunek batera, eguerdian. Talo jana, kontzertu jendetsuak, ilara luzeak ostatuen inguruan, gazteak jolasean hondartzan, Erronka ekimenean, joaldunak barruak astintzen... Denentzako aukera bada Senpereko Herri Urratsen.