Bidea bera ere txapelaren pare izan daitekeenean
Urrutikoetxeak eta Irribarriak orain hiru urteko finala errepikatuko dute, oso bestelako egoeran.
Urteko txapelik preziatu eta estimatuaren bila jokatuko dute datorren ekainaren 2an, Bilbon, Mikel Urrutikoetxeak eta Iker Irribarriak Buruz Buruko finala. 2016ko finala errepikatuko da, hortaz, hemendik bi astera Miribillako pilotalekuan. Aramarra nagusitu zen orduko hartan, erraz samar gainera, 13-22, baina txapelketa guztiak desberdinak izateaz harago, pilotari bakoitza heltzen den unea ere erabat bestelakoa izango da.
Esne-mamitan heldu ziren orduko hartara Zaratamokoa eta goierritarra. Bizkaitarra aurreko urtean irabazitako txapela defendatzeko asmoz joan zen final hartara, baita animo handiz ere, Binakako txapela irabazi berritan izan baitzen, eta gainera, Aimar Olaizolaren atzelari gisa jokatuz.
Iker Irribarria ere olatuaren aparrek eraman zuten Bizkaiko finalera. Lehen urtea zuen lehen mailako Buruz Burukoan, eta, Aimar Olaizola eta Oinatz Bengoetxea bezalako txapeldunak txikitu eta zale guztiak txunditu ostean agertu zen final handira, printzipioz, galtzeko gutxirekin.
Aurtengorako bidea oso bestelakoa izan da batarentzat zein bestearentzat, eta esan daiteke bere ibilbidean kapitulu ilun baten amaiera suposatu behar duela aurtengo finalerako sailkatze hutsak.
Ohiz kanpokoa
Ondo dagoenean bere pilotakadak bezala, Iker Irribarriaren profesionaletako ibilbidea ohiz kanpokoa izan da, eta horregatik gehiegikeria bat ere izan daiteke 2018an hondoa jo zuela esatea parte hartu duen lau Buruz Buruko nagusietatik hirutan finala jokatuko duen pilotari baten inguruan, baina horren gazte horrenbeste nabarmentzeak dakartzan kargak dira horiek guztiak.
Azken urteetan ohitura den legez, ezin izan zion gerriko gorriari eutsi aramarrak lehen urtean, baina Binakakoa jantzi zuen Rezusta lagun. Hortik aurrera, ordea, bere jokoak eta emaitzek behera egin zuten nabarmen. Iaz Buruz Buruko finalerdietan sartzerik ere ez zuen izan eta azken Binakakoan hasi zen burua berriz ere altxatzen, Jose Javier Zabaleta lagun zuela. Ezin izan zuten txapela jantzi, baina bertan ikusi zen bazetorrela bere onera.
Eta bere onena, nola ez, Buruz Burukoan etorri da berriz, nahiz eta hasiera ez zuen batere erraza izan Victorren aurka. Jokin Altuna txapeldunaren aurka hasi ginen, ordea, garai bateko Iker Irribarria indartsu eta jotzaile hura berriz ikusten eta Danel Elezkanoren aurkako finalerdian berretsi zuen, partida amaitu bezain pronto berak esan bezala, «berriz ere kantxan disfrutatzen» ari dela, lehiatzen zein eguneroko lanean.
Mikel Urrutikoetxearen kasuan, aldiz, gaitz bat, mononukleosia, izan da hein handi batean bere lekutik atera duena. Orain urtebete inguru diagnostikatu zioten bere maila ematea eragozten zion birus malapartatu hura eta Lau eta Erdiko txapelketan finalerdietarako sailkatuta gaitza nolabait ahaztuta zuela ematen bazuen ere, larunbatean itxi zuen erabat kapitulu horren azken orrialdea, bere Buruz Buruko hirugarren finalerako sailkatuta.
Partida amaitu eta berehala, beti alboan izan dituen gurasoekin izan zuen keinuak oso garbi uzten du final honek, galdu edo irabazi, Zaratamokoarentzat duen garrantzia.
Bi pilotarientzat hirugarren finala izango da ekainaren 2koa, biek dute bigarren txapela amets eta desio, baina puntu honetaraino egindako bidea ere txapelaren parekoa izan daiteke bientzat, garai ilunak betiko atzean utzi eta etorkizunean ere pilotaz gozatzen jarraitu ahal izateko behintzat.