INFO

AHTaren aurkako konpromisoa sinatu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek

Lautada, Arabako Haranak eta Gasteizko AHTaren aurkako plataformek jakinarazi dutenez, EH Bilduk eta Podemosek «datorren legealdian emango diren negoziazio eta balizko itun guztietan abiadura handiko trenaren aldeko proiektu berrien gelditzea eta bertan behera uztea tinko defendatzeko konpromisoa hartu dute»

Lautada, Arabako Haranak eta Gasteizko AHTaren aurkako plataformek egin dute agerraldia. (AHTaren aurkako Plataforma)

Lautada, Arabako Haranak eta Gasteizko AHTaren aurkako plataformek, Arabako foru hauteskundeetara eta Nafarroako Parlamenturakoetara aurkeztu diren alderdi politikoei konpromisoa eskatu dieTE datorren legealdiari begira. Arabako kasuan, EH Bilduk eta Podemosek «datorren legealdian emango diren negoziazio eta balizko itun guztietan abiadura handiko trenaren aldeko proiektu berrien gelditzea eta bertan behera uztea tinko defendatzeko konpromisoa hartu dute», jakinarazi dute.

Zentzu berean, Nafarroan, EH Bilduk, Ahal Dugu-Podemosek, Izquierda-Ezkerrak eta Equok antzeko konpromiso bat sinatu dutela baieztatu dute. «Negoziazio eta balizko itun hauetan, abiadura handiko trenaren proiektuaren aurkako alderdiak gehiengo izatekotan, gehiengo aurkakotasun hori dagozkion txostenetan esplizituki islaturik agertu beharko da», baieztatu dute.

«Pertsonak zein merkantziak garraiatuko dituen eta herriak, eskualdeak, hiriburuak zein industrialdeak lotuko dituen tren soziala bultzatzeko konpromisoa hartu dute, era berean, gaur egungo trendideen berrikuntza eta modernizazioaren aldeko hautua egiten dutelarik. Beharrezkoa izatekotan, trenbide-zabalera europarra duten trenak ibili ahal izateko hirugarren hari baten instalazioa bultzatzeko konpromisoa ere hartu dute», gehitu dute.

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemose datorren legealdiari begira modu honetako konpromisoa sinatu izana «garrantzitsua» dela adierazi dute eta ahalik eta alderdi guztiak gehitu daitezen «ahalik eta esparru gehienetan» lanean jarraituko dutela azpimarratu. Alderdi hauek haien jarrera alda dezaketela sinetsita daude plataformetan. «Hasiera batean alderdi gehienek energia nuklearraren edo frackingaren alde egin zuten, baina milaka lagunen borrokak norabidea aldatzea lortu zuen». Horretarako, herritarren mobilizazioaren beharra nabarmendu dute.