INFO

Iñaki Igerategi suhiltzaile lanpostura itzuli ahal izango da, epaileak arrazoia eman ostean

Espetxe zigorra bete ondoren, suhiltzaile lanpostura itzultzea galarazi nahi izan zion Gipuzkoako Aldundiak Iñaki Igerategiri. Orain, Administrazio Auzitegiak langileari eman dio arrazoia eta, beraz, lanpostura bueltatu ahal izango da. EAJren erabakia «politikoa» izan zela salatu du LABek. 

Epaiketaren egunean elkarretaratzea egin zuten suhiltzaileek Igerategi lankidearekin elkartasunez. (Jon URBE/FOKU)

Ohar baten bitartez, sindikatu abertzaleak jakinarazi du Administrazio Auzitegiak arrazoia eman diola Iñaki Igerategiri eta, hortaz, suhiltzaile lanpostura itzuli ahal izango dela. 

2018ko otsailean, sei urteko espetxe zigorra beteta aske gelditu zenean, bere suhiltzaile lanpostura itzultzeko eskaera egin zuen, baina, LABek salatu duenez, «Aldundia gobernatzen duen EAJk, ukatu egin zion eskubide hori eta kalera bidali zuen». 

«Denbora guzti honetan behin eta berriz esan dugu aurrekari juridiko guztiek Igerategiri arrazoia ematen ziotela eta lanean egon behar zuela, EAJren erabakia politikoa zela, ez juridikoa», gaineratu du sindikatuak.

Maiatzaren 15ean egin zen epaiketa Administrazio Auzitegian eta, LABen esanetan, «argi gelditu zen Aldundiak ez zuela argudio juridikorik». Iragan ostiralean iritsi zen epaitegiaren ebazpena eta Igerategiri bere lanpostura itzultzeko eskubidea aitortzen dio. 

«Epaileak –LABek zehaztu duenez– kontuan hartzen ditu Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutua, Funtzio Publikoaren Euskal Legea, Kode Penala eta Auzitegi Nazionalak eman zuen epaia, eta argi ondorioztatzen du inhabilitazio hori ez dela aplikagarria eta ez dagokiola Aldundiari hura zehaztea, hortaz Igerategi bere lanpostura itzuli behar dela».

Azkenik, sindikatuak gaitzetsi du «tristea» dela «epaile batek argitu behar izatea EAJk bere garaian argi eta garbi izan zezakeena», baina, nolanahi ere, «pozez» hartu dute berria. 

Ebazpena «argia» dela nabarmenduta, helegite batek ez lukeela aurrera egiteko aukerarik izanen adierazi du LABek, eta hortaz, Aldundiari eskatu diote epaitegietako bideari amaiera eman diezaiola, bere «jarrera politikoa» alda dezala eta «ahalik eta azkarren» Igerategi bere suhiltzaile lanpostuan jar dezala.