«Zaldiak ikusi nitueneko pozarekin geratu nahi dut»
Makina bat joan-etorri egin zituen Andoni Albizurirekin batera Urola inguruko mendietan haitzulo bila. Baina halakorik ez zaio berriz gertatu. Ez du inoiz ahaztu Ekain barruan arrastaka zebilela zaldiak aurrez aurre ikusi zitueneko unea. Hainbesteko zirrara eragin zion, non ez baita gehiago sartu. Hala esan zuen behin, eta hitza bete du.
Inork ez luke esango 89 urte beteak dituenik. Sasoiko dago. Jakin-mina omen da gaztetasuna gordetzeko biderik onena, eta Rafael Rezabal ikusita baiezta liteke hori. Urduri –kamera eta grabagailua urruti nahiago–, alai eta hunkituta –une batzuetan begiak busti zaizkio–, dena batera. Hala aurkitu dugu Rezabal Ekain kobazuloaren inguruan elkartu garenean. Oroitzapenak bata bestearen atzetik datozkio Ekain kobazuloko sarrerarantz oinez goazela.
Goltzibar eta Beliozo errekek bat egiten duten tokia du parez pare Ekain kobazuloak, hirukia osatuz. Gaur egun zuhaitzez estalita dago sarrera. Seinale txiki bat besterik ez, aurkikuntza garrantzitsu haren lekuko.
Ez du sekula ahaztuko 1969ko ekainaren 8 hura. Ez da gutxiagorako. Arkeologia prospekzioak egiten ari ziren, inguruko baserrietan galdetuz. «Sastarrain baserriko etxekoandreak esana zigun piztiaren batzuk zuloan sartzen zirela. Igande hartan Andoni eta biok bakarrik ginen. Hona etortzeko proposamena egin zidan. Nik baietz. Bere motorrean etorri ginen. Sarreran zeuden harriak kendu nituenean haizea sumatu nuen barrutik. ‘Hemen zeozer zegok’, pentsatu genuen Andonik eta biok».
«Kosta ere bai sartzea! Nire burua pasatzeko adinako tokia ikusi nuenean, barrurantz egin nuen. Andonik lan gehiago egin behar izan zuen, hura handiagoa zen eta! Hark harri gehiago kendu behar...», gogoratu du irribarrez.
Sarrera ezkutatzen zuten harriak kenduta nahiko laster egin zuten bidea, arrastaka. «Hartzaren habia ere ikusi genuen kobazuloan. Hartaz hizketan ari ginela, Andonik alde batera egin zuen eta nik bestera».
Halako batean, haitzuloa nola irekitzen zen ikusi zuen. Eta jauzi egin behar, aurrera egin nahi bazuen. Ilunpean. «Hasieran beldurtzen nintzen, bai, baina ordurako ohituta nengoen, aurretik beste kobazulo batzuk aurkituak genituen-eta», dio.
Eta berehala, ezustekoa. «Jiratu eta zaldien panela ikusi nuen. Kristoren orroa egin nuen! ‘Zer duk?’, galdetu zidan Andonik hankaz gora erori nintzelakoan. Berehala etorri zen Andoni nigana. Negarrik ez, baina orroak bai, ederrak egin genizkion elkarri!».
Azpeitira bueltan, txikiteoko orduan, komeriak. Isilik eduki nahi aurkikuntza eta ezin. «Barandiarani deitu, eta ‘ene, hainbeste abisu jasotzen dugu...’, esan zigun. Ez zuen sinesten. ‘Eskerrak Jainkoari, hau duk hau gauza’, aitortu zuen Barandiaranek gero, hura ikustean».
Barandiaran, Altuna eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak katak egiten hasi zirenean «zeozer ikasteko asmoz» joan izan ziren Ekainera. «Haiek profesionalak ziren, formazioa zuten...», gaineratu du.
Baina sekula ez da berriz Ekain barrura sartu. «Ekainen zaldiak ikusi nitueneko pozarekin geratu nahi dut betiko, lehen aldi harekin. Ezin dut hitzez adierazi. Esperientzia hori norberak eraman behar du barruan. Zoragarria izan zen. Behin esan nuen ez nintzela berriz sartuko, eta burugogorra naizenez... Batzuentzat tontakeria izango da, baina niretzat ez», kontatu du.
«Zer tratu hartzen genuen askotan!», bota du, Antxieta Arkeologia Taldeko bi kideen ibilerak gogoan. Itziarren Guardia Zibilak kontrolean geratu, eta autoko maleteroa ikusita zur eta lur geratu zirenekoa ere ezin ahaztu. «Hango aitzurra, hango labana! Garai txarra zen hura eta hasieran estu hartu gintuzten. Baina konbentzitu genituen zertan genbiltzan», kontatu du.
Albizuri izan zen Rezabali arkeologiaren harra sartu ziona. Biek zuten oro har kulturarekiko interesa –Antxieta kultur taldearen baitan sortu zuten arkeologia taldea– eta bereziki historiaurreko arrastoen peskizan ibiltzeko grina. «Gizakia nondik datorren, gure arbasoek zein ondare utzi ziguten, misterio harekiko jakin-mina ase nahian genbiltzan. Haiengatik bizi gara gu eta dakigu dakiguna», dio.
5-7 laguneko taldea osatzen zuten mendira irteteko, aisialdiari orduak lapurtuz. «Denbora gutxi izaten genuen, horixe txarrena», dio.
Ekaingo aurkikuntzaren ondoren inguruko gazte gehiago animatu ziren. «Baina gero laga egin zuten; latza da, gustatu egin behar zaizu», esan du. Izan ziren bideari jarraitu ziotenak, lekukoa hartuz. «Gaur egun lan handia egiten dute elkartean dabiltzan kideek», dio, nahiz oro har, jendartean ez duen ikusten historiaurrearekiko interesik.
Azkoitiko Munibe taldekoekin zuten “pikea” datorkio akordura. «Bat haserretu ere egin zen, ‘azpeitiarrak izan behar aurkitu dutenak’, zioen. Eta besteak, ondotik, ‘gure ingurukoak ditut behintzat’». Begirada bihurria lagun du oraindik Rezabalek.
«Andoni intuizio handikoa zen»
Maria Jesus Arregi du alboan Rafael Rezabalek. Garai batean haserre egoten zen Andoni Albizuriren emaztea Rezabalekin –«igande goizero senarra berekin joaten zen», dio– baina harreman estua dutela nabaria da.
Gazte zendu zen Albizuri, 47 urterekin, eta haren heriotzatik urteak joan diren arren, Arregi hunkitu egiten da senarraz hitz egiterakoan. Ekaineko aurkikuntzaren egunaz galdetu diogu. «Emozionatuta iritsi zen etxera. Harrituta zegoen bera ere. Ez zuen gehiegi kontatu nahi, diskrezioz eraman nahi zuen aurkikuntza», gogoratu du.
«Andoni intuizio handikoa zen», nabarmendu du. «Gure etxetik Izarraitz osoa ikusten genuen, eta gauez hara begira jarri eta ‘hor derrigor egon behar da gure aztarnaren bat’, esaten zuen. Eta asmatu egin zuen!», kontatu du Ekainera begira. Inguru honetan gehiago ere egon behar direla esaten zuen, baina ez dira aurkitu. «Mendira ez zen ibiltzera joaten, aztarnen bila baizik, beti. Oso inkietoa zen eta Rafael lagun hartuta ibiltzen zen batetik bestera. Beti izan zuen jakin-mina», esan du.