Kolpea baino askoz gehiago dela erakutsita jantzi du Irribarriak bere bigarren txapela (20-22)
Final orekatu eta ikusgarri batean, Aramakoak eraman du partidaren ekimena baina ikaragarri sufritu behar izan du Urrutikoetxearen defentsa bikainaren erruz.
Partida hasiera orekatua izan da, nahiz eta jokoaren ekimena Iker Irribarriarena izan da da gehienean. Fresko eta gauzak zentzuz eginez, arrisku handirik hartu gabe egin ditu aramarrak, baina honek ez dio zuloa egiteko balio izan, hutsak ere nahi baina gehiago bildu dituelako. Pilota beste grazia batez irten zaio gipuzkoarrari, baina honek ez du Urrutikoetxea bere lekutik atera, berean jarraitu du serio, baita Irribarriak hiru tantutako alde hartu duenean ere (4-7).
Zaratamokoak bazekien bere bere unea iritsiko zela eta ez du gehiegi itxion behar izan. Partida gogortu den heinean, arerioaren hutsek bizia eman diote eta pixkanaka bera ere jokoan sartu da. Pixkanaka bera ere gantxoa hobeto markatzen hasi eta jokoan egindako lehen tantoarekin berriz ere markagailuaren ekimena lortu du 8-7koan. Eta ordura arte ez bezala, sakearekin asmatzen hasi eta abantaila polita, bost tantotakoa lortu du lehen atsedenaldirako (12-7).
Aldageletatik bueltan, Iker Irribarriak izan du susperralditxo bat, baina honi ere hortzak erakutsi dizkio Urrutikoetxeak, sotamanoari sotamanoz erantzun eta aurkariak jarri nahi zuen erritmoari gogor eutsiz, tartean 15-10ekoa bezalako tanto zoragarriak ere eskuratuz.
Irribarria ere ez zegoen, ordea, erraz amore emateko prest eta sakea paretara ondo baztertuz, partidari eusteko gai izan da. Sake errematean egindako huts baten erruz Urrutikoetxeak beste bultzadatxo bat hartu du, baina Irribarriak berriz ere haizea hartu du eta bikain gurutzatutako beste sake-erremate batekin tanto baten aldeaz joan da bigarren atsedenaldi luzera.
Bazirudien Urrutikoetxeak partida nahi zuen lekuan zuela, printzipioz, amaiera estuak bere aldekoak izan zitezkeela ematen zuen, baina Irribarria ez da kokildu. Alderantziz, 18-20 aurreratu da, Urrutikoetxeak bi alditan bere burua saldu eta gero.
Baina partida emozio gehiago emateko edo, Irribarriak ere egin du garesti ordain zezakeen akats bat, 18-21 zirela, pasa egin baitu sakez. Urrutikoetxeak markagailua estutzeko probestu du, baina azkenean Irribarriaren sasoia nagusitu da (20-22)