Baxoa Euskaraz aldarrikatu dute Baionako Etxepare lizeoan
Iaz geroztik azterketa gune bilakatu da Baionako Bernat Etxepare Lizeoa. Gaur goizean ehundik gora ikasle bertaratu dira Seaskako lizeo berrian baxoa azterketa pasatzeko. Filosofia, lehenik, eta arratsaldean, aitzin proba egokitu zaienen kasuan, frantses azterketa eginen dute. Alta, euskaraz ikasi duten ikasleek berriro ere ikasgai horiek frantsesez egin beharko dituzte.
Tiserta berdea soinean, Baxoa Euskaraz aldarrikatu dute Etxepare lizeoaren atarian hamarnaka ikaslek. Goiz hasieran, azterketa abiatu aitzin, lizeoko fatxadan banderola erraldoia zintzilikatu dute euskaraz ikasteko duten nahikeria agerian utziz.
Iban Thikoipe lizeoko zuzendariak gogora ekarri duenez, badira 15 urte lortu zuten baxoak bere baitan hartzen duen proba bat, Geografia-Historia ikasgaia, euskaraz pasatzeko baimena.
Sei bat urte beranduago Matematikako proba ere «ikasleek berea duten hizkuntzaz» idazteko aukera eskuratu zuten. Geroztik, ordea, Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) laguntzaz eginiko hartu-eman guztiek ez dute uztarik ekarri.
Izan ere, «aparteko oztoporik ez dago, ez azterketa horiek guztiak euskaraz idazteko ezta zuzenketa bermatzeko ere», nabarmendu du Thicoipek. Borondate politikoaren kontua izaten da.
Euskara hezkuntza sisteman garatzeko lan egiten dutenek oso ikasturte amaiera gorabeheratsua izan dutela ezin ahantzi. Ildo beretik, Etxepare lizeoko zuzendariak ohar bat egin du, azkenaldian sare publikoan garatu den murgiltze ereduari buruz.
«Seaskakoak ez diren beste ikastetxeetan jarduten duten haurrek bakarrik Geografia-Historia egin dezakete euskaraz, Matematikako azterketa euskaraz egiteko aukera guri eman zigutelako soilik», argitu du Thicoipek, «denontzako aitzin pausuak emateko garaia dela», gehituz.
Gaur baxoa proba izan da, baina heldu den ekainaren 25ean kolegioa bukatzerakoan egiten den brebeta azterketaren txanda helduko denean, berriz ere ikasle euskaldunek pairatzen duten diskriminazioa agerian geratuko da.
Euskararen egoera
Urtero urtero Seaskako ikastola, kolegio eta lizeoetan ikasle kopurua emendatuz doa, eta murgiltze ereduaren aldeko hautua gero eta sendoagoa bada frantses eskola publikoa hautatzen duten gurasoen kasuan baita ere.
Hala eta guztiz ere, euskaldun euskaldunen kopurua oso murritza da. Esaterako, Zuberoa, Lapurdi eta Baxe Nafarroako 3.500 bat ikaslek hasi dute gaur baxoa azterketa. Gehiengo zabal batek frantsesez eginen du azterketa osoa. Seaskako lizeoan jardun duten ehundik gora ikaslek bi ikasgai bederen euskaraz idatziko dituzte.
Hori bai, azterketan agertzen diren galderak frantsesez idatzia atzemanen dituzte. Egoera, benetan bitxia bada. Euskarak badu zer aitzineratu, beraz.
Aurten ere, gainerako ikaslek baina esfortzu handiagoa egin beharko dute «euskaldunak izateagatik», nabarmendu dute elkarretaratze baten bidez.
Hala eta guztiz ere, azterketen emaitzak ezagutuko direnean, uztailaren 5ean, azken urteetako joerari eusteko konfiantza osoa badu Seaskak. Goi ikasketak egiteko atea zabaltzen duen baxoa azterketa gainditzen duen ikasle tasa zinez altua baita Iparraldeko ikastolen konfederazioan. Ikasleen %95tik gora azterketa gainditzen du.