INFO

«Bestelako Europa bat eraikitzen hasteko» jardunaldiak antolatuko ditu Askapenak Iruñean azaroan

Azaroaren 15 eta 16an. Iruñeko Katakraken, ‘Herrietatik Europa berria eraikitzen’ izenburupean jardunaldi batzuk antolatuko ditu Askapenak. Jardunaldi hauetan eztabaida-mahai ezberdinak izango dira eta Europa, Latinoamerika, Afrika edota Kurdistanetik iritsitako kideek hartuko dute parte.

‘Herrietatik Europa berria eraikitzen’ jardunaldiak aurkeztu ditu Askapenak Katakraken. (ASKAPENA)

«Europa geure guda zelaia zela esan genuen duela 2 urte, Askapenaren 30. urteurren ekitaldian, eta  Europar Batasunaren aurkako borroka ildo berri bat abiarazi genuen orduan. Herri langileon aurkako egitura politiko, militar eta ekonomikoa da EB eta egitura honen jatorrizko izaera agerian utzi asmoz kaleratu genuen EBren inguruko txostena, eta ondoren, nazioarteko borroka kideekin antolatu genuen hitzaldi bira bat Euskal Herri luze zabalean», azaldu dute ohar baten bidez.

Orain, «beste urrats bat» eman nahi du Askapenak eta horretarako jardunaldi batzuk antolatu ditu ‘Herrietatik Europa berria eraikitzen’ izenburupean, Iruñeko Katakraken antolatuko dituztenak, azaroaren 15 eta 16an.

Jardunaldi hauetan eztabaida-mahai ezberdinak izango dira, «teorietatik praktika eraginkorrera salto egin, ezkerretik iparra aurkitu eta bidea egiten hasi behar dugula uste baitugu». Eztabaida gune horietan, «Europar Batasunaren eta Troikaren ofentsiba neoliberalari nola egin aurre» edo «eskuin muturraren gorakadaren aurrean, nola eraiki langile klasearen kontzientzia kolektiboa» aztertuko dituzte. «Zeintzuk izan behar dira, gaurdanik Europako herri eta langileon artean aktibatzen ditugun borroka frenteak? EBko barne eta kanpo migrazioek zein arrazoi edota ondorio dituzte? Nazio zapalduok badugu aukerarik geure burujabetza eskuratzeko egitura honen baitan?», galdegin du Askapenak. «Kapitalismoaren fase goren honetan, langile klasearen aurkako inperialismoaren oldarraldi etengabe honi aurre egin behar diogu Euskal Herritik, bestelako Europa bat eraikitzen hasteko», gehitu dute.

Alderdi politiko eta herri mugimenduko eragile ezberdinek hartuko dute parte jardunaldietan eta Europa, Latinoamerika, Afrika edota Kurdistanetik iritsitako kideak ere izanen dira, «ikuspegi ezberdinak uztartu eta EBri alternatiba erreal eta integral bat planteatzean hasteko bideorria marrazten hastera».

Datozen asteetan zehaztuko dute egitaraua, zeinetan, aurreratu dutenez, aurretik izen emanteko aukera izanen den.