INFO

Nafarroako Gobernuak My112 aplikazioa deskargatzea gomendatu du larrialdiei hobeki erantzuteko

My112 aurkeztu du Nafarroako Gobernuak, SOS Nafarroa Koordinazio Zentroarekin konektatuta dagoen doako aplikazioa. Aplikazioa erabiltzea aholkatu die herritarrei, erantzun azkarragoa bermatzen duelako larrialdietan.

Laguntza eskatzen duenaren kokapen zehatza ezagutzea hil ala bizikoa izan daiteke larrialdiari garaiz erantzuteko. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Aste honetatik aurrera martxan izanen da May112, SOS Nafarroa Koordinazio Zentroarekin konektatuta dagoen doako aplikazioa. Gailu mugikorretarako aplikazio honek larrialdietara egindako dei guztiak geolokalizatzen ditu telefonoaren GPSaren bitartez. Inongo kosturik gabe eskuratzen ahal da Android eta iOS saltokietan.

Jarduneko Lehendakaritza eta Barne kontseilariak, Maria Jose Beaumontek, asteon emandako prentsaurrekoan azaldu zuenez, herritar guztiei gomendatzen diete hagitz erraz instalatu eta erabiltzen den aplikazio hau deskargatzea. Horren erabilpena hedatuz gero, azkartasun eta arrakasta handiagoa lortzen ahalko da SOS Nafarroa 112 larrialdiak koordinatzeko zentrotik bideratzen den arreta integralean, segurtasun eta larrialdietako baliabide publiko guztiak mobilizatuz (poliziak, suhiltzaileak, osasun-taldeak, ingurumeneko basozainak, helikopteroak, anbulantziak...), baita Gobernuarekin lankidetzan diharduten bestelako baliabideak ere (DYA, Gurutze Gorria, psikologoak, salbamenduko txakurrak, babes zibileko taldeak...).

Urtean milioi bat deitik gora Nafarroan

Barne kontseilariak «urrats garrantzitsutzat» jo zuen My112 doako aplikazioarekin bat egitea larrialdiak artatzeko Europa osoan erabiltzen den 112 telefonoaren bidez eskaintzen den zerbitzuaren kalitatea hobetzeko, eta horrekin batera oroitu zuen, Nafarroaren kasuan, zenbaki horrek urtean milioi bat dei baino gehiago kudeatzen dituela.

Aplikazioa deskargatu eta larrialdi-egoeran SOS Nafarroa 112 zerbitzuarekin harremanetan jartzeko erabiltzen dutenek beraien geolokalizazioa automatikoki ematen diote deia hartzen duen operadoreari (Androiden erabiltzaileek aski dute 112 zenbakia markatzea, aplikazioa ireki gabe, eta hau arras lagungarria izan daiteke adingabeen zein adinekoen kasuan). Laguntza eskatzen duenaren kokapen zehatza ezagutzea hil ala bizikoa izan daiteke larrialdiari garaiz erantzuteko, eta batzuetan, informazio erabilgarri bakarra da, laguntza eskatu duenak ezin badu hitz egin, desgaitasun fisikoagatik nahiz mehatxu egoeragatik.

My112 aplikaziotik laguntza eskatu bezain laster, deia geolokalizatzeaz gain, app-ak SOS Nafarroara argazkiak bidaltzeko aukera ematen du. Hau hagitz lagungarria izan daiteke larrialdietako zenbait esku-hartzetarako.

Gainera, My112 aplikazioari esker, herritarrek babes zibileko alerta zerbitzu batean harpidetzen ahal dira. Ondorengo hilabeteetan, zerbitzu hori hedatuz joanen da, nafarrei muturreko eguraldi kaskarraren edo istripu eta hondamendi handien berri emateko.

Europan edo bertatik kanpo ere dagozkien larrialdi-zerbitzuekin harremanetan jartzea posible egiten du aplikazioak, herrialde bakoitzeko zenbaki espezifikoa ezagutu beharrik gabe.