INFO

Bost urte bete eta ia 10.000 erabiltzailerekin, .EUS domeinua merkeagoa izango da

Bost urte bete ditu eta jada 10.000ra hurbiltzen dira .EUS domeinuak eta lortutako kopuru horrek prezioa jaistea ahalbidetu du. Aurrerantzean, 19 eurotik hasita izango dira altak eta berritzeak, iragarri dutenez. Urteurrena eta lorpenak ospazteko, jaia egingo dute bariku honetan Bilboko Kafe Antzokian.

Puntueus-en bosgarren urteurreneko agerraldia. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Bilboko San Mameseko metro geltokian errealitate areagotuko instalazio bat jarri dute .EUS domeinuaren urteurrena ospatzeko. Bertan eman dute prentsaurrekoa Iñaki Goirizelaia PuntuEUS Fundazioko lehendakariak, Josu Waliño zuzendariak, Eneko Arruebarrena Metro Bilbaoko kudeatzaileak eta Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako foru diputatuak.

Azaldu dutenez, ilusio handiarekin jarri zen martxan .EUS domeinua eta bost urteko ibilbidea eginda emaitzak ezin hobeak dira, «oztopoak gaindituta» 10.000 domeinura heltzetik hurbil dagoelako. Horrek ondorio zuzen bat izango du, domeinuaren altak eta berritzeak merkeagoak izango dira, 19 euroan hain zuzen ere.

Nabarmendu dutenez, «prezio berean handiagoak balio handiagoa ematen du «beste demeinuek eskaintzen ez dituzten onurak» emanez, hala nola «nortasun propioa, gertutasuna –arazoen aurrean laguntza eskainiz– eta segurtasun gehigarria, Basque Cybersecurity Centerrekin dugun lankidetzaren bidez».

Waliñok adierazi duenez, domeinua interneten «bereziten gaituen marka» da, errotuta dago eta arlo ezberdinetara heltzea lortu du, administrazioa, merkataritza edota industria mundua baitaude, besteak beste, erabiltzaileen artean.

Jaia, Kafe Antzokian

Urteurrena ospatzeko jaia antolatu dute bariku honetan Kafe Antzokian, .EUS domeinua aurkeztu zen espazio berean. Ospakizuna 11.00etan hasiko da eta PuntuEUS komunitateari egingo dio aitortza. Taula gainean, Oreka TX, Mixel Ducau eta Maika Etxekopar arituko dira.

Sarrera doakoa da, baina beharrezkoa da aurrez eskatzea domeinuak.eus webgunean.