INFO
Entrevue
IñAKE IRASTORZA
AKTOREA

«Geure buruari, geure herriari, harrika gabiltza»

Arnasa luzeko bidea da Iñake Irastorzak interpretazioan egindakoa. Lanbidea zuen irakaskuntza utzi eta beste ezerk ez bezala betetzen duenaren aldeko apustua egin zuen. Ez du damurik. Emakumeentzat paper protagonistak urriak diren garaiotan –oraindik– pasioz hitz egiten du pertsonaiak sortzeaz. «Obabakoak» lanarekin etzi igoko da agertokira Stuttgarten, eta beste hainbat proiektutan ikusiko dugu.


Maleta hartu eta bihar abiatuko dira Arriaga antzokiaren “Obabakoak” ekoizpeneko kideak Stuttgartera, etzi eskainiko baitute bertan euskarazko emanaldia. Alemanezko azpitituluekin ikusiko du publikoak. «Katalunian ere emanaldi guztiak euskaraz eta katalanezko azpitituluekin egin genituen. Madrilen emanaldi bat egin genuen euskaraz eta gainerakoak erdaraz. Baina bakar horrek oso ondo funtzionatu zuen. Aretoa gainezka zegoen. Jende askok eskertu egiten du», esan digu Iñake Irastorzak (Orio, 1955).

Urritik aurrera “Dublindarrak” antzezlanari ekingo dio berriz Ados taldearekin. Euskal Herritik kanpo, Zaragoza eta Valladolid aldean ibili dira. «Oso ondo hartu du publikoak». Errespetua eman zion proiektuan parte hartzeak, baina emaitza ona izan da.

Lantalde handiko muntaiak dira biak. Lehenengoan denera hamaika aktore dira eta bigarrenean, bederatzi. Irastorzak gustura hartu du. Izan ere, krisi ekonomikoak izan du eraginik. «Azken urteotan bakarrizketak ez zirenean bi aktorerekin egindako lanak izan dira, eta eszenatokiak, minimalistak. Oso zaila zen hortik ateratzea, eta nahiz gustatu, horrela egitera behartuta egoteak lotu, mugatu, egiten zaitu», dio.

“Puntu Koma” websailean ere ikus daiteke Irastorza. Astean behin 10 minutuko saioa ikusgai dago sarean eta ETB1-en. Websailak nazioarteko hainbat jaialdiren arreta piztu du. Asia Web Jaialdian eta Accolade Global Film Competitionen sari bana jaso du lanak. Eta Miami Web Fes Jaialdian Irastorza aktore onenaren sarirako izendatu zuten. Miamin ez, baina Uruguain interpretazio onenaren saria eskuratu zuen “Anttoni” film laburragatik joan den urtarrilean.

“Agur Etxebeste” ere irailean ikusiko dugu pantaila handian. «Oso polita izan da berriz lantaldea elkartzea. Proposamena jaso eta berehala poza sentitu nuen, baina gero bigarren zatiak... hasi nintzen pentsatzen. Gidoia irakurtzearekin batera ikusi nuen zer buelta interesgarria eman dioten istorioari. Oso gustura egon naiz lanean».

Hainbat proiektutan ikus daiteke Irastorza. Sektoreaz galdetuta, hauxe dio: «Egia da kultura arloan beti apurrekin ibiltzen garela. Jende asko bizi da kulturgintzan lan eginez eta lastima da. Beti borrokan, hor gabiltza. Nik uste antzerkia beti egongo dela krisian, baina iraungo du».

ETBk ez du fikziorik egin azken urteotan. «Ez helduentzat, ez haurrentzat. Izugarrizko pena ematen dit; antzerkian, adibidez, oso lan onak daudelako euskaraz, bertako taldeek egindakoak, eta ez delako behar bezala jaso eta tratatu ETBn emateko. Urte piloa galdu dira! Eta ez da garestia delako, inork ez duelako pentsatu baizik. Ez dut ulertzen! Utzikeria ikusten da».

Zein da bidea? «Kulturak, hezkuntzak edo osasun sistemak bezala, behar du plangintza luzeagorako. Lau urteko programak eginez ezinezkoa da. Lau urte horietan lehenengo bi urteak joaten zaizkigu erakusleihoa nola jarri erabakitzen eta lanean hasten direnean hurrengo hauteskundeak prestatzeko unea da. Hor galtzen dugu indarra. Ez du ezertarako balio horrela ibiltzeak. Behingoz hartu dezatela serio. Ardura ez da agintean dagoenarena bakarrik, oposizioan dagoenarena ere bada. Eta denok ez bagara ados jartzen hezkuntza, osasuna eta kulturan gutxienekoak adosteko, beti horrela ibiliko gara. Denon onerako izango da».

Bide malkartsuan ibili denaren nekea nabari zaio. «Aurrera egin dugu, egia da. Ni gaztea nintzenean gauzak askoz okerrago zeuden, baina nire esperantza zen gaur beste puntu batean egongo ginela, baina ez da horrela. Krisia aitzakia bezala ere erabili da. Geure buruari, geure herriari, harrika gabiltza. Herria ez da egiten banku sendoekin bakarrik, gizakiak duintasunez bizitzeko baldintzak behar ditu».

Katebegia. Horrelaxe ikusten du bere burua. «Talde lanak nauka harrapatuta. Bizitzan kokatzen laguntzen dit, zure lana ondo egitea zer inportantea den gogoratzen dit. Bueno, askotan ez da ondo ateratzen, baina ahalegina egitea zuri tokatu zaizun kate maila hori ondo egiten. Bizitzari begira askotan gertatzen da ez zaizula batere gustatzen mundu honetan zer gertatzen ari den, izugarrizko inpotentzia sentitzen duzuna, zer egin ez dakizuna... Eta momentu batean esaten diot neure buruari ‘egin ezazu egin behar duzuna’. Zure tokitik egin ezazu ahal duzuna eta hortik kanpo ezin duzu ezer egin... eta kitto. Hori egiten saiatzen bagara, eta aldamenean dauzkagunak baita ere nolabait ere zure kate mailarekin lotzen direla jakin eta segi hori osatzen... mundua askoz hobeto joango litzateke. Hori gertatzen denean sentitzen dugu hobeto doala», azaldu du.

 

Parekorik ez

Beste pertsonaien larruan jartzeak ez du parekorik. «‘Zergatik ez ote zaizu beste zerbait gehiago gustatzen?’, esan izan dut» [barreak]. Ez baita erraza taldean lan egitea. Gauza asko ditut gustukoak, baina interpretazioak beste betetzen nautenik, ez», aitortu du.

Bat-batekotasuna. «Zuzenekoak badauka zerbait. Ikusten duzunean publikoa hor dagoela eta arnasa zurekin batera hartzen ari direla sentitzen duzunean... hori izugarria da. Publiko bezala ere sentitu izan dut hori. Zure sentimenduek mugitzen dutela eta komunikazioa sortzen dela ikustea txutea da».

Esker oneko sentitzen da egun batean beretzat aukeratu zuen lanbidearekiko. «Denetik egon da, baina ezin naiz kexatu, pozik nago. Pertsonaia politak eta handiak egiteko zortea izan dut. Ez naiz famaz ari. Nire izaerak eta jaio naizen tokiak ere badute zerikusia horretan, badakit. Pentsa dezakezu ‘tren hura hartu izan banu’, baina igual deskarrilatu egingo zen. Hau erabaki nuen eta hemen nago. Uste dut esperientzia polit asko bizi izan ditudala, hartu nauen jendeak konfiantza izan du nire lanean eta horrelaxe joan gara, mailaz maila katea osatzen».

Bere pertsonaien karakterizazioagatik agian, kalean doala jendeak ez du ezagutzen. Eta bera, ezin gusturago. «Orain urteak aurrera doazen bezala dena markatuago dago, bai zimurrak bai gainontzekoak. Eta hemendik aurrera ez dakit zer gertatuko den, baina orain arte karakterizazioak askotan oso muturrekoak izan dira. Eta hori gustatzen zait».

Emakumeek paper gutxi

Zimurrak. Bizi esperientzia. Jendarteko beste alorretan bezala, kamera aurrean edo agertoki gainean baloratzen ez dena. «Askoz paper gutxiago daude emakumeontzako protagonista bezala. Hala ere, badira urte batzuk kontua pixka bat mugitu dena, telesailetan eta. Baina asko falta da, oraindik ezin da alderatu gizonezkoek duten lan eskaintza eta emakumeok duguna. Ea atzetik datozenek izaten duten beste aukerarik...».

Bere lanbideak gazteekin elkarlanean aritzeko aukera eman dio. Belaunaldi berriak «oso ondo formatuta» ikusten ditu. «Gure formakuntza lana eginez hartu duguna izan da. Horrez gain, ahalegin guztia egin dugu formatzeko eta eskoletara hurbiltzeko. Horri eskerrak oinarriak hartu ditugu, baina orain gazteek aukera gehiago daukate formazio zabalagoa izateko, ez bakarrik interpretazioa, baita kantua dela, dantza dela... Ea Euskal Herrian ere eskola horiek gero eta aukera gehiago eskaintzen dituzten eta bertan ikas dezaketen kanpora joan gabe. Noski, nahi duenak Madril, Bartzelona, Londres edo New Yorkera joatea ondo dago».

Kultura aisialdia, denbora-pasa huts bezala hartzeaz galdetu diogu. «Izugarrizko pena da. Lan handia dago egiteko eskolatik bertatik. Aisialdia ere bada, baina bizitzeko behar dugu, ez bakarrik entretenitzeko. Nahiz krisi garaian horretara eraman den –‘gauza tristeak ikustera ez noa’, diote batzuek, barre egin eta pentsaraziko ez dien zerbait nahi dute–. Oso ondo dago, dudarik ez barre egin behar dugula baina bizitzan lotuta daude tragedia eta umorea. Nik behintzat eskatzen diodana da bizi naizela sentiaraztea, sentimendu horiekin konektatuta nagoela, munduan nagoela... nahiz idazlea ez ezagutu. Izan Suediakoa, Irangoa ala Kurdistangoa. Gizaki bezala oso inportantea da niretzat. Burura, bihotzera edo tripetara etor daiteke zuzenean... Batzuetan barre egiten duzu, besteetan irribarre bakarrik eta besteetan negar, baina filma ikusi dudanetik edo liburua irakurri dudanetik zerbait aldatu dela».

Nola azaldu hitzez? «Maitasuna era askotara egin daiteke. Baina badago bat behintzat oso ona dena [irribarrea], beste pertsonarekin bat zarela sentitzen duzunean. Ez dakit nola azaldu... baina une hori izugarria da. Beste modu askotan ere egin daiteke eta denak balio du, noski».

Telebistatik edo antzerkitik ezagutu duten, horren araberakoa da ikusleek Irastorzaz duten irudia. Izan ere, pantaila txikian ikusi dutenek oriotarraren umore erregistroa ezagutzen dute; aldiz, agertoki gainean ikusi dutenek, drama. «Antzezlan serioak egitea tokatu zitzaidan garai batean eta ez ninduten umore kontuetan ikusten. Urteak pasa eta umorea egiten ezagutu nindutenean, alderantziz...», kontatu du.

«Galdetu izan didate nire egunerokan umore handikoa naizen. Umorea asko gustatzen zait, baina eguna ez dut ji-ji ja-ja ematen.... ‘Ederki pasako duzu zuk umore horrekin’, esan zidan batek behin. ‘Bai, umore horrekin eta beste batzuekin’, erantzun nion». [Barreak]

Nondik hasi pertsonaia sortzerakoan? «Batzuetan buruz hasten naiz eta gero gorputzera daramat. Nire gorputza da bere trajea. Bat-batean banoa kaletik eta pertsona bat ikusi eta hark egin duen zeozerk arreta ematen dit. Horixe da nire abiapuntua! Puntu bat besterik ez da, une bat, baina oso aberatsa. Gorputza horrela jarri, eta horrela esan... hizketako tonua, begirada, ibilera... Ez noa hura imitatzera, harengan ikusi dudan hori erabiltzen dut pertsonaia osatzeko. Ez da imitazio lana».

Egiaren bila. “Emaztegaiaren semea” datorkio gogora. «Ados Teatrorekin egin genuen antzerkian. Pelikula izugarri gustatu zitzaidan, Norma Aleandro asko miresten dut, eta ‘nola egingo dut nik hau?’ nioen. Eta aldi berean zer erronka polita zen. Haren lanak eta nireak ez dauka zerikusirik. Ni Aleandroren lana imitatzen hasten banaiz frakaso segurua da. Hori gorroto dut. Niri interesatzen zaidana da istorio hori nola komunikatzen duen. Nik nire erara egin behar dut, nire errealitatetik».

Gertatu izan zaio. Zenbat eta urrunago ikusi hasieran pertsonaia, gero eta hurbilago bukaeran. «Pertsonaia bat zugandik oso urruti dagoela pentsatzen duzunean batzuetan izugarrizko sorpresa hartzen duzu. Pertsonaian murgildu eta nondik jo bilatzen hasten zarenean, igerian egiten, ostras! Lehen aldiz horren kontziente izan nintzen zuzendari handi batekin, Jose Carlos Plazarekin. Nik ordurako eginda neukan berekin Valle Inclan autore handiaren ‘Divinas palabras’ obra handia eta Mari Gaila pertsonaia handia. Eta ondoren Orain konpainian August Strindberg–en ‘La señorita Julia’ prestatzen ari ginen, Plazarekin hori ere. Ni ekoizpen arloan nengoen, baina egitekoa zen aktoreak atzera egin zuen eta nork egin zen kontua. ‘Iñake, zuk egin behar duzu’, esan zidan. ‘Nigandik oso urrun dago’, erantzun nion nik. ‘A ze txorakeria’, berak. ‘Zugandik askoz hurbilago dago Strindberg–en Julia Mari Gaila baino’, hark. Konde baten alaba da Julia, oso pertsonaia sakona. ‘Ni artzain baten alaba naiz’, pentsatu nuen. Arrazoi zuen, nik uste baino askoz gertuago zegoen eta Mari Gaila nigandik askoz urrutiago zegoen. Eta hala egongo da», kontatu du.

Sormen bideak beti dakar berarekin krisi unea. «Beti dago momentu bat esaten duzuna ‘hemendik ez naiz aterako’. Eta aldi berean badakizu egingo duzula. Nire lagunek dagoeneko ezagutzen dituzte nire krisi uneak. Askotan ezkutatu egiten naiz hori gertatzen zaidanean, dena nabaritzen zait eta. [barreak] Oso ondo etortzen zaizkit paseoak. Aurreneko pausoa testua etxean ikastea da eta eskema garbi dudanean galdu dudan haria non kristo dagoen bilatzen dut oinez nabilela».

Jokatu, play, jouer. «Nire lana askotan jolasa da», amaitu du.