INFO

Pau Sarraute pailazo eta aktorea saritu du EHGAMek

Pau Sarraute pailazo eta aktorea saritu du EHGAMek urtero banatzen duen Urrezko Hirukiarekin, «dibertsitatea ikusarazi eta berdintasuna eta inklusibotasuna» erakusten egiten duen ekarpenagatik. Aitzitik, Ana Beltrani -PPko Nafarroako legebiltzarkide ohia- Trapuzko Espartina eman diote «aniztasuna barregarri uzteko ahaleginez otsailean egin zituen zorigaiztoko adierazpenengatik».

Pau Sarraute EHGAMek banatzen duen Urrezko Hirukia sariaren jasotzen. (Aritz LOIOLA/FOKU).

EHGAMek, Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimendua, 22 urte daramatza ekainaren 28an Urrezko Hirukia eta Trapuzko Espartina ematen. Ekimen honek, alde batetik, aniztasuna eta berdintasuna kontzeptuaren alde nolabait lagundu duten pertsonak, elkarte edo erakundeak saritzen ditu Urrezko Hirukiarekin; eta bestetik, LGBTI+ eskubideak zapaldu edo mespretxatu dituztenak zigortzen ditu Trapuzko Espartinarekin.

Aurtengo edizioa Bilboko La Bolsa aretoan ospatu dute. Lehenik eta behin, Imanol Alvarez EHGAMeko kideak bi gertakari ekarri ditu gogora. Alde batetik, gaur Stonewalleko erreboltaren 50 urte betetzen direla; eta bestetik, 1979an poliziak Oreretan polizia batek tirokatuta hildako Francis transexuala.

Hori gogoratu ostean, sari banaketeei ekin diote. Lehenik, Pau Sarraute ‘Il Circo Italiano’-an Paute pailazoaren rola betetzen duenari eman diote Urrezko Hirukia saria. Alvarezek azaldu duenez, bere ikuskizunetan «dibertsitatea ikusarazi eta berdintasuna eta inklusibotasuna» erakusten saiatuz egiten duen ekarpenagatik jaso du saria Sarrautek.

«Pau Sarraute eta bere taldetik gehien harritu gintuena lana egiteko modua izan zen, modu oso naturalean transmititzen dutelako gizartean dagoen aniztasuna. Hizkuntza oso inklusiboa erabiltzen dute beti. Haien espektakuluak ikusten dituen jendea, umeak zein helduak izan, mezu argia jasotzen dute modu natural eta dibertigarrian», azaldu du Alvarezek.

Pau Sarrautek «harrotasun handiz» jaso du saria. «Guraso asko, nire ikuskizunak bukatzean nigana hurbiltzen dira egindako lana eta umeei erakusten dizkiedan baloreak eskertzeko. Hori eta gaur jasotako saria ohore bat da», adierazi du Sarrautek.

Aurreko urtean Dimensión publizitate-agentzia izan zen sari honen irabazlea, eta urteetan zehar, besteak beste, Maialen Lujanbio, Doctor Deseo, EGINeko Gaztegin gehigarria, Txalaparta argitaletxea, 80 egunean pelikula edo Chrysallys ume transexualen senideen elkartea izan dira sarituak.

Beste alde batetik, aipamen berezia egin diote Nafarroako Gobernuari eta zenbait udali azken lau urteetan «aniztasunean berdintasuneranzko bidean eman dituzten urratsengatik, hala nola Kattalingune eta Harrotu zerbitzuak sortu, LGTBI+ Berdintasun Sozialerako Legea onartu..., eta batez ere Skolae programagatik».

Aitzole Araneta, Elkarrekin Podemoseko Donostiako bozeramailea, ere zoriondu dute ekitaldian Euskal Herriko lehen ageriko zinegotzi transexuala izateagatik.

Eta sari eta aipamen hauen beste aldean, Ana Beltran, PPko diputatua eta Nafarroako Legebiltzarkide ohia, Trapuzko Espartinarekin zigortu dute «aniztasuna barregarri uzteko ahaleginez otsailean egin zituen zorigaiztoko adierazpenengatik». Ekitaldian azaldu dutenez, Beltranek Hezkuntzako inkesta baten harira neska edo mutil gisa identifikatzen ez direnez trufatu egin zen, isekatsu galdetuz zein ote zen beste aukera hori: «txakurra, katua, ornitorrinkoa, arraina...».