INFO

Gure Eskuk Kataluniako preso politikoei elkartasuna adierazi die martxa baten bitartez

Gure Eskuk deituta, Arantzazutik Urbiarako bidea egin dute 200 lagun inguruk, Kataluniako preso politikoekin elkartasunez eta oinarrizko eskubideen defentsan. Eguerdian, lazo itxurako mosaikoa osatu dute Urbiako zelaigunean. 

200 lagunek lazo itxurako mosaikoa osatu dute Urbiako zelaigunea. (@Gure_Esku)

Gure Eskuren bozeramaile Amalur Alvarez eta Josu Etxaburuk, Kataluniako buruzagi sozial eta politikoen aurkako epaiketa amaitu den honetan, «ezinegona» adierazteko elkartu direla azaldu dute.

«Oinarrizko eskubideen defentsan egin dugu Arantzazutik Urbiarako bidea. Giro onean eta baketsuan protesta eginez, eta haserrea elkarrekin bideratuz, indartsuago sentitzen gara, eta indar hau da aurrera egiteko bultzada ematen diguna», adierazi dute.
 
Izan ere, Kataluniako prozesuaren aurkako epaiketa hasi aurretik, epaiketa justua izango ez zela bazekitela gogoratu dute, «epaiketa politikoa zelako». «Bagenituen arrazoiak hori pentsatzeko eta motibo horiek biderkatu egin ditu hilabeteotan Espainiako estatuak», salatu dute.
 
Horren harira, urriaren 1eko erreferenduma zigortzea, demokraziaren aurka egitea dela eta manifestazio eskubidea, biltzeko eskubidea, informazio eskubidea, adierazpen askatasuna edota desobedientzia zibila kriminalizatzea oinarrizko eskubideak urratzea dela nabarmendu dute.

«Ez dezatela inor nahastu. Finean, herritarren borondatea erreferendum bidez adierazi izana, hau da, autodeterminazio eskubidea gauzatzea ari dira jazartzen, modu erabat bidegabe eta neurrigabean», azpimarratu dute bozeramaileek.
 
Horrela, Alvarez eta Etxaburuk epaiketa politiko honek amaiera justu bat izango duela azaldu dute «akusatu guztien askatasuna eta erabateko absoluzioa ekartzen badu». Ez bada hori gertatzen, adierazi dute, «zigor-epaia batek eragingo duen haserrea demokraziaren aldeko pultsu masibo eta geldiezina bilakatuko da, baita Euskal Herrian ere».

Bestalde, ez soilik epaiketak, baizik eta «beste hainbat eta hainbat auzi eta kasuk» oinarrizko eskubideak jokoan daudela erakutsi dutela argitu dute: «Botere faktikoak ezkutatzen saiatzen dira baina guk oso presente dugu Altsasuko gazteek 958 egun daramatzatela preso, tabernako liskar batengatik; irailean makrosumario bat abiatuko dela 47 emakume eta gizonen aurka oinarrizko eskubideen jazarpena oinarri duena; eta abar luzea»
 
Horregatik, Euskal Herrian ere eskubideen defentsa ezinbestekoa dela argudaitu dute, «guk ez baditugu defendatzen, ez ditu inork defendatuko».
 
Era berean, Marcel Mauri Omnium Culturaleko lehendakariordearen hitzak goraipatu dtuzte, zeinetan «estatuan bozkatzea delitua bada, bozkatzen jarraitu beharko dugula» nabarmentzen zuen.

«Horregatik, berriro egingo dutela diote katalanek. Berriro bozkatuko dutela. Eta ez izan zalantzarik, orduan ere alboan izango gaituzue. Era berean, guk diogu, hemen ere bozkatuko dugula. Posible egingo dugula erreferendum bidez erabakitzea. Eta badakigu momentu horretan ere gurekin egongo zaretela. Horregatik, gaur Katalunia babestea, gure eskubide eta askatasunak defendatzea ere bada», azpimarratu dute.