INFO

Tubacexeko lan istripuaren atzean formazio dualaren gabeziak kokatu ditu Ernaik

Laudioko Tubacex enpresan 25 urteko langile bat zendu zen atzo. Ernaik jakinarazi duenez, formazio dualeko ikaslea zen. «Lakuak gazteentzako irtenbide gisa saltzen du formakuntza duala, baina errealitatea oso bestelakoa da: prekarietaterik gordinena», salatu dute.


25 urteko langile gaztearen heriotza «prekarietaren emaitza» dela salatu du Ernai gazte antolakundeak ohar baten bidez. Zentzu horretan, formazio dualeko ikaslea izatea «ez dela kasualitatea» nabarmendu dute. «Lakuak gazteentzako irtenbide gisa saltzen du formakuntza duala, baina errealitatea oso bestelakoa da: prekarietaterik gordinena».

Hala, «formakuntzaren izenean» gazte asko «lan esku merkea izatera» bideratzen dituztela azpimarratu dute. «Ikasketara bideratutako planik izan gabe eta gehienetan lan-postuak kubritzeko erabiltzen dituzte», gaineratu dute. Gainontzeko langileen lan berdina «baldintza eskasagoetan» egiten direla nabarmendu dute eta «segurtasun falta» egunerokotasunaren parte dela baieztatu dute.

Zehazki Tubacex enpresaren egoera ere salatu dute, «jasanezina» dela adieraziz. «Langileen esku uzten dituzte bizitza jokoan ez jartzeko erabakiak, ez dago pertsonal nahikorik, ezta lan-tresna  eta baliabide nahikorik lan egiteko. Formazio eta segurtasun falta kezkagarriak dira», gehitu dute.

Horren aurrean, «borroka kolektiboaren garrantzia» aldarrikatu du Ernaik. «Esplotazioari aurre egin eta bizitzaren sustengua erdigunean jarriko duen eredu politiko, sozial eta ekonomikoa defendatu eta sustatzen jarraituko dugu».