INFO

Saretour turismoaren elkarlan eta koordinaziorako foroa sortu du Lakuako Gobernuak

Saretour Turismoaren Euskal Sareak enpresen arteko harremanak sustatuko ditu proiektuei elkarlanean ekiteko, baita lantaldeak bultzatzeko ere, enpresen eta erakunde elkartuen lehiakortasuna hobetzeko. Hala nabarmendu du Sonia Perez Lakuako Turismo sailburuak Tabakaleran egindako aurkezpen ekitaldian.

Saretour aurkeztu ondotik, sari banaketa egin dute. (IREKIA)

Turismoaren Astearen barrenean, Saretour aurkeztu du Lakuako Gobernuak. Sonia Perez sailburuak sektoreko enpresen arduradunen aurrean azaldu duenez, Turismo Sailak kalitateko turismo jasangarri bat sustatzera eta antolatzera zuzentzen ditu bere politikak. Politika horien arrakasta sektore profesional baten eta gobernantza publikoaren arteko lankidetzan oinarritzen da, esperientzia handiko eragile direnez.

Gobernantza hori indartu eta bultzatzeko eratu dute, hain zuzen, Turismoaren Euskal Sarea.

«Euskal sektore turistikoaren elkarlanerako eta koordinaziorako foro gisa» sortu da Saretour. «Turismoa denboran eta lurraldean banatzea eta enpresentzako errentagarri izatea» du helburu, «jasangarritasunaren eta giza kapitalaren balorazioaren irizpideekin». Horretarako ezinbesteko ikusten dute lankidetza «enpresen artean, instituzioen artean eta eremu publiko eta pribatuaren artean, maila guztietan eta sektore anitzak barnean hartuta».

«Ez naiz nekatuko azpimarratzeaz turismo-eredu jasangarri batek inplikatutako eragile guztien erantzukizuna behar duela», agertu du Perezek.

Sari banaketa

Saretour aurkeztu ondoren, sailburuak lehiakortasun turistikoaren ziurtagiriak dituzten enpresen sari-banaketan parte hartu du; 500 enpresa baino gehiago dira 2018an ziurtagiriak jaso dituztenak: Kalitate turistikoaren Q eta Kalitate Turistikoa eta Jardun Egokiak programak; Smart Business; Eraginkortasun energetikoa eta Europako Etiketa Ekologikoa (Ecolabel).
 
Perezek sarituen lana txalotu du: «Erantzukizunetik bakarrik iristen da jasangarritasunera. Eta zerbait erakutsi baduzue hauxe izan da, erantzukizuna, zuen inplikazioarekin eta dedikazioarekin lagundu egiten baituzue guztiok lortu ahal izatea Euskadi erreferentziazko helmuga gisa kokatzea».