INFO

Gasteizen euskararen erabilera sustatzea helburu duen akordioa sinatu dute Urtaranek eta Urrutiak

Gasteizko Udalak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur. Akordioari esker, 63.000 euroko ekarpena egingo dio Udalak akademiari.

Gorka Urtaran eta Andres Urruria Gasteizko Udaletxean. (Gasteizko UDALA)

Gasteizko Udalak eta Euskaltzaindiak hitzarmena sinatuko dute gaur goizean, bi instituzioen arteko elkarlana sendotu eta hirian euskararen erabilera sustatzeko. Gorka Urtaran alkateak eta Euskaltzaindiko lehendakari Andres Urrutiak sinatutako akordioari esker, 63.000 euroko ekarpena egingo dio Udalak akademiari.

Udalak azaldu duenez, akordioari esker, Gasteizko toponimiaren inguruko lanak jarraituko dira. Aurten, Jungitu, Zerio, Estibaliz, Lubinau eta Uribarri Arratzua toponimoen deskribapenak ikertuko dira. Halaber, hurrengo hilabeteetan Dibiña I datu-basea prestatzen hasiko dira.

Udalbatzak eta Euskaltzaindiak 1996ko irailean sinatu zuten lehenengo hitzarmena. Geroztik, urtero berritzen dute lankidetza-konpromisoa. Akademiak aholkularitza linguistikoa eskaintzen dio Udalari, udalerriko toponimia proiektuan lanean jarraitzen du.

«Euskararen hiriburua»

«Hirian euskararen ezagutza eta erabilera areagotzen lagundu diguzue. Gasteizek, Euskadiko hiriburua den aldetik, euskararen hiriburua izan behar du. Gure hizkuntzarekin konprometituta gaude; lehentasun bat da guretzat. Herritarren hizkuntza-eskubideak betetzen direla bermatzeko lan egin behar dugu, eta euskara, gure harribitxi nagusietako bat, gero eta gehiago entzun dadin kaleetan», adierazi du Urtaranek.

«Beste behin berresten da Gasteizko Udalaren eta Euskaltzaindiaren arteko aspaldiko elkarlana, hirian eta Araba osoan euskara eta euskal kultura sustatzeko baliagarria izango dena. Gai zehatzetan eginen dugu lan, toponimian eta euskalgintzan batez ere» gaineratu du Andres Urrutiak.