INFO

Kalean bizi diren gazteen inguruan hausnartzeko ikus entzunekoa egin du Besarkadak egitasmoak

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Emaus Gizarte Fundazioaren elkarlanetik jaiotako ekimena da Besarkadak eta Gipuzkoako herritarren arteko trukaketa interkulturalak sustatzea du xede.


‘Donostiako historiak’ izenburupean, kalean bizi diren gazteen inguruko hausnarketa sustatu nahi du ikus-entzunekoak. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Emaus Gizarte Fundazioaren elkarlanetik jaiotako ekimena da Besarkadak. Joseba Parronek zuzendu du film laburra, eta hainbat eragileetako kideek zein norbanakoek hartu dute parte proiektuan, hala nola Modahara taldea.

Modahara taldeko gazteen eskutik abiatu zen proiektua, etxerik gabeko gazte arabiarrekin asistentzia soiletik harago joan nahi duen kolektibotik, hain zuzen. Donostiako kaleetan bizi diren gazte magrebtarrek bizi duten errealitatea argitara eman nahi dute film honekin, izan ere, kolektibo honen iritziz 140 gazte inguru dira Gipuzkoako hiriburuan baldintza lazgarrienetan bizirauten dutenak, kalean lo eginez eta herritarren eta instituzioen arrazismoa egunero jasaten dutenak.

‘Donostiako historiak’ izenburua daraman film labur honetan, modu parte-hartzailean idatzitako gidoiak kalean bizi direnen eta hiriko gainerako herritarren rolak trukatzen ditu.

Besarkadak egitasmoak Gipuzkoako herritarren arteko trukaketa interkulturalak sustatzea du xede, lurraldeko aniztasuna balioan jarri eta harreman berriak sortzeko helburuarekin. Film laburra proiektu horren barruan antolaturiko topaketa baten emaitza da.