INFO

Woody Allenen kontrako protesta egin dute Kontxako hondartzan

New Yorkeko zuzendariak Donostian errodatzen ari da bere pelikula berria. Horrek hiriari hainbat ondorio kaltegarri ekarriko dizkiola uste dute bizilagunek. Elkarte feministek ere bat egin dute mobilizazioarekin zinegilea eraso matxistak egin izanagatik salatua izan delako. 

Hamarnaka pertsona elkartu dira elkarretaratzean. (Gorka RUBIO / FOKU)

Hamarnaka pertsona elkartu dira arratsalde honetan Donostiako Kontxako hondartzako erlojuen parean. Bizilagunekin plataformak, Ernai gazte erakundeak, Hotel+Ez mugimenduak, Groseko Asanblada Feministak, Medeak, Donostiako Bilgune Feministak, Garaipen eta Harro koordinadorak deituta. 

Woody Allen bere pelikula berria Zinemaldian oinarrituko du eta horretarako Donostian da egun hauetan filmatzen. Horrek hiriari ondorio kaltegarriak ekarriko dizkiola uste dute bizilagunek. «Donostiak turistifikazio prozesu azkar eta bortitzean daramate agintari publikoek. Turista eta inbertsoreak hirira erakarri nahiaren atzean, prozesu hoinen bidez etekin ekonomiko erraldoiak lortzen dituztenak daude», salatu dute komunikatu batean. 

Bitartean, herritarrek «gero eta zailagoa» ikusten dute hirian bizitzea etxebizitzen zein kontsumo prezioek igo direlako. «Hiri-marka eta kulturaren merkantilizazioak helburu komertzial partikularrei erantzuten diete hiri honetan. Helburu horren mesedetan datorren orori alfonbra gorria jartzen zaio, bertako bizilagunion bizi-baldintzen gainetik pasa behar badira ere», salatu dute. 

Gainera, New Yorkeko zinegilearen alabak salaketa jarri zion haurra zela jasan zituen sexu abusuengatik, eta horregatik uste dute «harreman ofizial oro eten beharko litzatekeela». «Ezin dugu onartu egun batean Woody Alleni harrera egitea eta aste berean erasoen aurkako udako kanpaina aurkeztea. Horri zuriketa morea esaten zaio», aipatu dute Udaletxearen jarrerari buruz. 

‘Donostia ez dago salgai’, ‘Autodefentsa feminista’, ‘Alfonbra gorririk ez erasozaileei’, ‘Bertan bizi gara, bertan bizi nahi dugu’, ‘Turismoa, emanzipatzeko ezinatsuna’ edo ‘Postalen atzean Donostia prekariorik ez’ bezalako leloak karteletan idatzita zituztela, oihuka eta txistuka hasi zira ordu erdi luzean. Txalo artean amaitu dute protesta «Woody Allen kanpora» ohukatuz.