INFO

Foro Sozialak «aurretiazko akordio bat» lortzea eskatu die 11/13 sumarioko aldeei

Foro Sozialak «beharrezkotzat» jo du 11/13 sumarioan pertsonatutako alde guztien artean aurretiazko akordio bat bilatzea. Era berean, «akusazioek eta zigor eskaeren bolumenak historian atzera garamatzatela» salatu dute.

Los gastos por el proceso judicial superarán los 7.000 euros para cada uno de los 47 encausados. (Gorka RUBIO/FOKU)

Teresa Toda eta Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko ordezkariak ekainaren 27an bildu ziren Ibon Meñika eta Fran Baldarekin, 11/13 makro-sumarioko 47 auzipetuen ordezkariekin. Bertan, sumarioari lotutako informazioa aztertu ondoren, Foro Sozial iraunkorrak auziaren inguruko irakurketa argitaratu du, «akusazioek eta zigor eskaeren bolumenak historian atzera garamatzatela» salatuz.

Balizko zigor hauek «bizikidetza demokratikoa eraikitzeko egungo prozesu ahularengan izango lukeen eragin negatiboa» azpimarratu dute. Foro Sozialaren hitzetan, prozesu horretan aurrera egiteko, «ezinbestekoa» da «biktima guztien egia, justizia eta erreparazioa, preso eta iheslarien aferaren konponbidea eta memoria partekatua, gertatutako ezer ahaztu gabe etorkizunera begiratzeko».

Eta epaiketa berri honek, bigarren puntu horrekin, presoen gaiarekin «talka» egiten duela gaineratu dute. «Euskal gizarteak ezin du pairatu beste kondena bat, neurrigabekoa eta gure herriak bizi duen itxaropen-testuingurutik kanpo dagoena». Hala, «beharrezkotzat» jo du kasu honetan pertsonatutako alde guztien artean aurretiazko akordio bat bilatzea. «Ziur gaude euskal gizarteak, bere erakundeek, alderdi politikoek eta sindikatuek aldez aurretik lortutako akordio bat babestuko luketela zentzuzko irtenbide gisa».

Foro Sozialak herri honetako 150 pertsonalitatek abiarazitako 'Interbidera, etorkizuna askatu' manifestua sinatu du eta irailaren 14an Bilbon eginen den mobilizazioan parte hartuko duela jakinarazi du.