INFO

Ertzaintzak oztopatu arren, agintariei bere kezkak helarazi dizkie Etxeratek

Urtero bezala, Loiolako santutegira beren aldarrikapenak eraman dituzte presoen senideek abuztuaren 1ean, San Inazioren ospakizunaren harira. Ertzaintzaren jokabidea salatu dute, sarrerako zelaigunera hurbiltzea oztopatu dietelako.

Naize Diez (Etxerat), Nagore Alkorta (Azpeitiko alkatea), Markel Olano eta Bakartxo Tejeriarekin hizketan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Iñigo Urkullu lehendakaria ez da Loiolako santutegiko ozpakizunean egon, baina Bakartxo Tejeria Gasteizko Legebiltzarreko lehendakariarekin eta Markel Olano Gipuzkoako Aldun Nagusiarekin solasalditxoa izan dute presoen senideen ordezkariek, beren kezkak helarazteko. Urtero egiten du Etxeratek agerraldi hau, aspaldi, agintariak interpelatu nahiean, eta aurtengoan salatu dutenez iaz egun honetan bertan Urkulluri igorritako eskutitzak ez du inolako erantzunik izan.

Irailean Madrilen egingo den 11/13 sumarioari dagokion epaiketaren aurrean posizioa hartzeko eskatu diete ere. Nagore Lopez de Luzuriagak nabarmendu duenez, presoekiko elkartasuna zigortzea helburu duen auzi hau, bidegabea izateaz gain «guztiz anakronikoa da».

Azken urte hauetan guztietan, beren kezka eta samina santutegiko sarrerako zelaigunean bertan ikusarazi dituzte senideek, baina aurten ezin izan dute gauza bera egin. «Operatibo polizialaren arduradunak ez digu utzi, eta oso nabaria izan da, gainera, ertzainen presentzia gure aldamenean –salatu du Etxeratek–. Iaz gure eskaria normaltasun osoz egin genuela kontuan izanik, ez dugu uste elkarbizitzarako eta erresoluzio bidean oso egokia izan denik senideek gaur jasandako tratua», erantsi dute.

Ekitaldian, bestalde, hizpide izan da azken egunotan zenbait preso ohiri emandako ongi etorrien afera. Horretaz galdetuta zera esan du Naike Diezek, Etxeraten izenean: «Eman den eztabaida politiko-mediatikoaren bitan, modu eraikitzailean planteatu den mezu bakarra Foro Sozialarena izan da. Gure ustez, gatazka politikoari amaiera emateko eta elkarbizitzan eta bakean aurrerapauso ezinbestekoak emateko, salbuespen espetxe politika, urrunketa eta dispertsioari bukaera eman behar zaie».