INFO

Ruandak muga itxi du, ebola izurritea kanpoan utzi nahian

Kongoko Errepublika Demokratikoko muga ixtea erabaki du Ruandako Gobernuak, bi milioi biztanle dituen Goma hirian ebola kasu gehiago izan direla-eta. Atzo bertan baieztatu zuten muga ondoko hiri horretan gaixotasun berak jotako hirugarren kasua.


«Bai, muga itxi egin dugu», esan die berri agentziei Olivier Nduhungirehe Ruandako Gobernuko eledunak.

Pixka bat lehenxeago baieztatu zuen Goma hirian atzemandako hirugarren kasua Aruna Abedi Kongoko Errepublika Demokratikoko ebolari aurre egiteko erakundeko koordinatzaileak, 7SUR7.CD. atarian egindako adierazpenetan.

Asteazkenean hil zen 46 urteko gizonaren (bigarren kasua izan zen) alaba zen Gomako hirugarren hildakoa. Gizon hark hamar seme-alaba zituen eta Ituri probintziako Mongbwalu herritik joan zen Gomara.

Kasu horiei buruzko datu askorik ez dute eman, baina iragarpena egun berezi batean iritsi zen: urte bat bete da ebola agerraldia ofizialki deklaratu zutenetik. Kontinente baten azalera duen herrialdeko ipar-ekialdean izurriteak aurrera egiten jarraitzen du.

Gainera, Goman bertan eta inguruko herrietan beste hamabi kasu aztertzen ari dira, baina oraindik baieztatu gabe dituzte, Kinshasako agintariek uztailaren 30ean eman zituzten datuen arabera.

Orain hiru aste baieztatu zuten Goma hiriko lehen kasua. Kutsatutako artzain ebanjelista bat autobusez iritsi zen hirira. Ebola tratatzeko zentro batera eramaten ari zirela hil egin zen elizgizona.

Pasatzerik ez

Bigarren kasua aste honetan bertan ezagutu dugu. Ituriko meatzaritza-eremutik zetorren gizon heldu batek zuen birusa eta joan den asteazkenean hil egin zen. Atzo hildakoa gizon haren alaba izan zen.

Dede Ndungi Ndungi Goma hiriko mugako osasun arduradunak atzo baieztatu zuen Ruandak ez diela bidea zabaltzen ez bidaiariei ez merkantziari. Gomak dituen bi mugatan gertatzen da hori, turistek eta autoek erabiltzen duten pasabidean alde batetik, eta merkatari txikiek erabiltzen dutenean bestetik. «Ruanda ebolaren beldur da», erantsi du Ndungik.

OIM Migrazioen Nazioarteko Erakundeak emandako datuen arabera, 57.500 lagunek zeharkatzen dute muga, egunean, Gomako bi puntu horietatik barrena, «muga txikitik» eta «muga handitik».

Kongotik Ruandara ezin da inork pasatu, baina alderantziz bai. Ruanda utzi nahi duten kongoarrentzat zabalik dago muga. Edonola ere, Kinshasari ez zaio gustatu Kigalik muga ixteko erabakia hartzea.

Kongoko zein inguruko herrialdeetako agintariak eta herritarrak oso kezkatuta dauzkan izurritea herrialdeak jasaten duen hamargarrena da, datu ofizialen arabera. Medikuek eta osasun langileek 2.701 kasu baieztatu dituzte, eta horietako 1.813 lagun hil egin dira.

Datu horiek aintzat hartuta, egungo izurritea mundu osoan izan diren larrienetakoa da. Orain bost urte Afrikako mendebaldeko herrialdeek izan zutena askoz ere larriagoa izan zen: 11.000tik gora hildako.

Egungo agerraldia Ipar Kivu eta Ituri probintzietan sortu zen, Hego Sudango, Ugandako eta Ruandako mugetatik gertu.

 

Sekulako hilkortasun tasa duen birusaren profila

Ruandaren eta Kongoko Errepublika Demokratikoaren arteko muga ixtea eragin duen ebola izurriteak herrialdeko ibai bati zor dio izena, haren inguruan aurkitu baitzuten lehen aldiz 1976an. 43 urteotan 15.000 hildako eragin ditu, gehienak Afrikako mendebaldeko herrialdeetan 2014an.

Gizakioi tximinoek eta saguzar fruitujaleek kutsatzen digute birusa. Beste gaixotasun askorekin alderatuta, ebola ez da hain kutsakorra, lagun batengandik beste batengana pasatzeko gorputzeko jariakinekin harreman zuzena izatea ezinbestekoa baita. Hori bai, kutsatuz gero bizirik ateratzea beste gaixotasun gehienekin baino zailagoa da.

Birusak oso denbora gutxi behar du gaixotuaren immunitate-sistema erabat suntsitzeko. Sintomak asko aldatzen dira paziente batetik bestera, baina kasu gehienetan sukarra, buruko mina eta gerrikoa ere ageri dira, malariak ematen dituen sintoma berberak, alegia. Horregatik da hain zaila gaixotasuna antzematea, eta hain garrantzitsua, zentro medikuren batera joatea.

Egungo agerraldiaren ezaugarririk bereziena bere kokapena da. Izan ere, lurralde horietan talde armatu ugari dago, 100dik gora diote adituek, eta osasun langileen lana beste edonon baino zailagoa da. Birusak aurrera egingo du, armak isildu ezean.J.A.O.