INFO

Lortutako akordioak balioan jartzeko eskatu nahi die Sarek instituzio eta alderdiei

Joseba Azkarraga eta Blanca Martinez de San Vicente Sareko ordezkariek «salbuespeneko espetxe politikarekin amaitzearen alde lortutako akordioak balioan jartzeko» eskatu diete instituzio eta alderdi politikoei. 

Gaurko manifestazioa. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

«Korapiloak askatzeko unea da, denok batera presoak etxera» leloa duen manifestazioa zeharkatzen ari da Gasteizko kaleak. Manifestazioa hasi baino lehen Joseba Azkarragak eta Blanca Martinez de San Vicentek Sarek azken bost urte hauetan egindako lana nabarmendu dute, izan ere «jendarte multzo zabal eta anitzaren atxikimendua saretu dugu, baita instituzioen zein alor politiko, sindikal eta sozialaren babesa artikulatu ere».

«Zentzu honetan, salbuespeneko espetxe politikarekin amaitzearen alde lortutako akordioak balioan jartzeko eskatu nahi diegu instituzio eta alderdi politikoei», adierazi dute, eta urrunketaren aurka eta larri gaixo diren presoen etxeratzearen alde Hego Euskal Herrian akordio sendoak lortu direla ohartarazi dute. Horregatik, instituzio eta alderdiei esfortzu handiagoa eskatu diete.

«Adostasun horiek jendartearen %85a inguru ordezkatzen dute, eta hain zuzen ere, Gobernu espainiarrean eragin eta salbuespeneko espetxe politika hau aldatzeko bultzada egiteko, gehiengo hori erabiltzeko eskatu nahi diegu alderdiei», gaineratu dute «mobilizatu diren herritarrek baita alor instituzionalean adierazpen ezberdinen bitartez erakutsitako adostasunek, espetxe politika honekin amaitzeko nahia eta beharra duen herri ordezkatzen» dutela azaldu baino lehen.

Esan dutenez, «inongo pribilegiorik eskatu gabe, ezohiko legedia baztertu eta legea errespetatuz preso eta iheslariei etxerako bidea egiten uzteko aldarria egiten ari gara. Finean, mendekua alboratu eta etxerako bidea, dagokien gisara egiteko tresnak martxan jartzeko eskatzen ari gara». «Herri gisa aurrera egin, elkarbizitzan sakondu eta presoen auziari aterabidea emateko herritarron aktibazioa eta konpromisoa ezinbestekoa dela adierazi nahi dugu», gaineratu dute.

Korapiloak askatu

Manifestazioaren amaieran hitz egin dute Xabier Izaga eta Arantza Armentiak. Euskal Herrian «garai berri baten ateak» zabaldu direla adierazi dute, eta «behin betikoz, auzi honi konponbidea ematen hasteko benetako aukerak ditugu parez pare. Guk, aukera hau aprobetxatu nahi dugu. Urteetan presoen giza eskubideen errespetuaren aldarria egin dugu, orain, egoera berri honen aurrean eta urteetan osatutako sare zabala baliatuz, espetxeen auziari aterabidea eman nahi diogu».

«Garai berri baten aurrean aurkitzen gara. Korapiloak askatzeko garaia da. Salbuespen politika eta neurriak gure aburuz, sekula zentzurik izan ez duten arren, orain, existitzeko arrazoi oro galdu dute. Herri gisa aurrera egiteko, urte luzeetako bataila eta zigorrak atzean uzteko beharra dugu. Jendarte gisa aurrera egiteko mendekuzko ekintza eta neurri oro alboratu beharra dugu. Eta aurrera egiteko, espainiar zein frantziar espetxeetan preso diren euskal herritarrek ere, aparteko legerik aplikatu gabe, euren bidea egiteko aukera behar dute. Guztiok baikara eta guztiok izan behar baitugu herri honen parte», azpimarratu dute.