INFO

Open Arms: Etorkinak hartzeko eskaintza egin du Lakuak, Aquarius-ekin bezala

Open Arms erreskate ontzian diren etorkinak hartzeko deia egiten ari zaio Gobernu espainolari, Valentziatik bereziki. Aquarius-en kasuan egin zuen bezala, elkarlan batean parte hartzeko prestutasuna berretsi du Lakuako Gobernuak, erizpide zehatz batzuk markatuz.

Open Arms itsasontzia, Mediterraneoan lanean.

2018ko ekainean Aquariusen kasuan gertatu zenaren antzera, baliteke orain ere Open Arms delakoari Pedro Sanchezen Gobernuak irtenbide bat ematea. Horretarako urratsak ematen ari dira behintzat Valentzia aldean, bai hango Generalitat-earen partetik, bai eta hiriko Udalaren aldetik ere.

Testinguru honetan, Mediterraneo itsasotik erreskatutako 130tik gora etorkin horiek hartzeko adostutako plan batean parte hartzeko gogoa agertu du Lakuako Gobernuak, Aquarius-en aurrekari hura aipatuz. Gobernu espainolari jakinarazi dio eskaintza. Eta orduan markatutako erizpide berdinak erabiltzen ditu.

Share Proposamena deituriko honetan, ardura ez da bakarrik Estatuen artean banatzen; barruko elkarte autonomoen artean ere zehazten da. Etorkinak hartzeko «esfortzua» hiru aldagaien bitartez neurtzea planteatzen du Lakuak: toki bakoitzeko dirusarrera fiskalak (baremo osoaren %50 suposatuko luke honek), populazioa (%30) eta langabezia tasa (%20).

«Ardurak konpartitzea da migrazioaren eta asiloaren errealitatearen aurrean alternatibarik onena», ziurtatu du Lakuako Gobernuak.

Open Arms itsasontzia zain dago Mediterraneon, barruan diren 121 etorkinentzako bermeak eskaintzen dituen kai batean sartu ahal izateko. Oraindik ez dio inork ate hori ireki.