INFO

CCOOek Lakuaren zahar etxeetarako dekretua deitoratu du, LABek eta ELAk bezala

CCOO Euskadiko Osasun Federazioak Lakuaren zahar etxeetarako «dekretazoa» gaitzetsi du, azaldu duenez, ez dituelako osatzeko prozesuan ez sindikatuak eta ez egoiliarren senideak kontuan hartu.

Gipuzkoako egoitzetako langileen zaintza martxa, ELAk deitua. Azken etapa Foru Aldundiaren egoitzan amaitu zen, ekainaren 29an. (Jon URBE/FOKU)

CCOOek ez du ontzat jo Lakuak joan den uztailaren 30ean onartutako adinekoen egoitzetarako dekretua. ELAk ere deitoratu zuen dekretu hori, uztailaren 31n, baita LABek ere, atzo Gobernuak Bilbon duen ordezkaritzaren aitzinean egin zuen elkarretaratzean.

Arreta zuzeneko langileen ratioaren egokitzapenak, CCOOek beste eragile sozial batzuekin defendatu izan duenak, hobekuntza nabaria ekarri izanen lukeela agertu du sindikatu honek, bai egoiliarren zaintzan eta bai langileen osasun psikiko eta fisikoan.

Aitzineko Arartekoaren hitzak oroitarazi ditu CCOOek, Iñigo Lamarcak egoitzen inguruko bere txostenean errandakoak: «Arreta emateko behar den zenbatekora hurbiltzen diren parametroekin osatu beharko litzateke errealitatea, ez ikuspegi normatibotik exijitu daitekeen gutxiengoarekin, baizik eta teknikoki arrazoizkoa denarekin».

Aurreko Arartekoaren txostenak zera eransten du: «Europar literatura espezializatuan finkatutako plantillaren estandarrei begiratzen badiegu, egoitza gehienak horietara hurbiltzen dira, eta batzuetan gainditu ere egiten dituzte gomendatutako gutxieneko estandarrak. Halere, orokorrean, estandar hoberenetatik urrun gelditzen dira».

Inplikatutako aldeei entzun

CCOOen iritziz, Lakuako Gobernuak aukera on bat galdu du, inplikatutako eragile guztiekin adostuz, 1998ko data duen langileen ratioa egokitzeko eta hala gaur egun egoiliarrek dituzten beharrak asetzeko. Behar horiek ez dute zerikusirik duela 20 urtekoekin, sindikatuak agertu duenez.

Inplikatutako aldeei entzutea eskatu dio sindikatuak Lakuari. Langileak, sindikatuak eta senideak izanen lirateke alde horiek. «Eurei adituz ez lukete soilik legezko ratio bat ezarriko, baizik eta ratiorik hoberena, adinekoek merezi duten arreta jasotzeko eta langileen osasuna zaintzeko», ziurtatu du.