INFO

Albanieraz, errumanieraz eta katalanez egindako hiru film Glocal in Progress egitasmoan

More Raça kosovotar zinemagilearen eta Pau Cruanyes eta Gerard Vidal katalan zuzendarien lehenengo lanak eta Andrei Gruzsniczki errumaniarraren film luze berria ikusiko dira aurten Glocal in Progress egitasmoan.

‘Andromeda Galaxy’ filmaren fotograma. (NAIZ)

Hiru filmak postprodukzio-fasean daude, eta ekoizle, banatzaile, salmenta-agente eta programatzailez osatutako audientzia bati aurkeztuko zaizkio, lanak amaitzen eta nazioartean banatzen lagundu dezaten.

‘Galaktika e Andromedës/Andromeda Galaxy’ filmean, iraupen luzeko langabetu batek Kosovon bizi duen egoera zaila irudikatu du More Raçak (Kosovo, 1992). Raçak 2019ko Berlinale Talents programan parte hartu zuen. Zuzendu duen lehenengo film luzea da hau; aurrez, hiru film labur egin zituen.

‘Emil’, Andrei Gruzsniczkiren (Ploiesti, Errumania, 1962) filma, Errumaniako herrixka batean girotutako eta umore beltzez jositako dolu- eta mamu-istorio bat da.

Pau Cruanyesek (Bartzelona, 1995) eta Gerard Vidalek (Bartzelona, 1995) beren lehenengo lana ekarriko dute, ‘Les dues nits d’ahir/Yesterday’s Two Nights’.

Aurreko bi edizioetan aurkeztutako sei filmetatik, hiru sartu dira Zinemaldiko sailen aukeran: 2018an, ‘Dantza’ (Telmo Esnal) Sail Ofizialaren Emanaldi Berezietan izan zen eta ‘Un om la locul lui/A Decent Man’, berriz, New Directors sailean; aurten, Zuzendari Berriak saria irabazteko lehian ikusiko da Ignas Jonynas zuzendariaren ‘Nematoma’, 2018ko Glocal in Progress jarduerako sariduna.

Glocal in Progress irailaren 23an, 24an eta 25ean egingo da, Zinema Eraikitzen 36 eta Europa-Latinoamerika VIII. Koprodukzio Foroa ekimenekin batera. Hizkuntza ez-hegemonikoetan filmatutako Europako ekoizpenak nabarmentzea du helburu (hau da, alemanez, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, italieraz eta errusieraz filmatu ez direnak).

Gasteizko Gobernuaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Glocal Cinema abiarazi zuen 2014an, hizkuntza ez-hegemonikoetan filmak ekoizten dituzten zinematografien artean sareak sustatzeko asmoz, eta, hain zuzen, Lakuak orduan martxan jarritako lana osatzera dator Glocal in Progress.

Glocal in Progressen hautatutako filmek Glocal in Progress Industria Saria –10.000 euro– jasotzeko aukera izango dute. Ad Hoc Studios, BTeam Pictures, Deluxe Spain, Dolby Iberia, Laserfilm Cine y Video, Nephilim Producciones eta No Problem Sonido film irabazlearen postprodukzio zerbitzuak hartuko dituzte.