Demokrazia ezak gatazkak sortzen ditu eta, ondorioz, presoak
G7ko gailur alternatiboaren hizpidetan ezin falta munduan zehar gatazka politikoek eragiten duten ondorioetako nagusi bat: errepresaliatuen eta, zehazkiago, presoen arazoa. Euskal Herrikoen eta Kurdistanekoen egoeraz mintzatu dira, Ficoban, ebazpen berera iristeko: demokrazia eza gatazken eta, hortaz, presoen iturburua da.
Antton Lopez preso ohiak euskal eta mundu osoko preso politikoei besarkada igorriz hasi du mintzaldia eta baita lehen txaloak eragin ere. Entzunlegoak gai honekiko duen sentiberatasuna agerian geratu da, beraz, hasieratik. Euskal herritarrei oso ezagun egingo zaizkion azalpenak eman ditu jarraian baina kanpotik etorritako pertsona askok frankismotik gaur egunera arte euskal presoak pairatu –eta pairatzen dituzten– egoerak ezagutzeko aukera izan du.
Hala, bere bizitzarekin pare joan diren militantzia urteen errepasoa egin du, eta bera bezala, belaunaldi askok askapen mugimenduan engaiatzera eraman zituzten arrazoi nagusia aipatu du: Estatu espainolak eta frantsesak Euskal Herriak hamarkadetatik aldarrikatutako berezitasuna aintzat hartu ez izana. «Frankismo garaian, euskal gazte askok herri gisa eta baita pertsona gisa ere, autoestimua berreskuratzeko garaia zela pentsatu genuen eta horregatik lotu ginen borrokara». Diktadorea hil eta gero ere, «funtsezko arrazoiak berean segitzen baitute», kartzelak betetzen joan direla gogoratu du.
Urte hauetan guztietan izandako errepresio mota askotarikoen zifrak eman ditu: 40.000 atxilotu 1960tik, 4.000 eta 6.000 arteko torturatu, 7.500 preso, 2.500 iheslari, 104 hildako eta 900 zauritu polizien eskutik, 83 hildako estatu-errepresioarengatik, 16 dispertsio poltikarengatik... Lopezen esanetan, «horrek denak, gatazka politikoaren izaera bera bezalaxe, oraindik aitortzarik ez du jaso bi estatuen aldetik».
Kurdistanen, milaka
Preso eta errepresaliatuen kopuru horiek proportzioan Euskal Herrirako handiak izaki ere, Kurdistanen kasuan txiki geratzen dira. Ercan Akdash HDP/HDK-ko kideak esan duenez, milaka dozena dira espetxean eta milaka ere eraildakoak. Estatu frantsesean errefuxiatua bizi den kazetari eta idazleak Kurdistan Irak, Iran, Siria eta Turkiako lurraldean banatua dagoen herria dela gogorarazi du. Azken horrekin herri kurdoak «daraman gerra» azpimarratu du bereziki, «ni hangoa bainaiz».
«Edozein motako militante, ekintzaile edo herritar soil, izan kontzientzia eragozle, ekologista, pazifista edota oinarrizko askatasunen alde ari dena terroristatzat hartzen du Erdoganen gobernuak» dio.
Emakume kurdiarren engaiamendua bereziki goraipatuta, argazkiak erakutsi ditu, harrotasunez. «Hiru hauek, gaur egun, preso daude. Beste hau parlamentaria da eta hilabete luzez gose greban izan zen espetxean zegoela. Ehunka militantek bezala, 20 urtez geroztik Turkiako gobernuak preso eta isolatua daukan Abdullah Ocalan PKK-ko sortzailearekin elkarrizketak hastea eskatzen zuen Kurdistanentzat irtenbide bat adosteko».
Errepresioa «eguneroko ogia» da, Akdashen esanetan: «Egoera oso bortitza da eta han ezinezkoa da presoen eskubideez hitz egitea ere». Entzulegotik, Montpellierretik etorritako pertsona batek PKK «erakunde terroristen zerrendatik» ateratzeko ahalegina egitea gomendatu du: «Estatu frantsesean paradoxa ematen da. Alde batetik, nire eskualdean bezala, Kurdistanen eskubideen aldeko taldeak badira eta gobernuak ez du eragozten lan hori baina, egun batez, estatu-interesak tarteko, PKK nazioartean terroristatzat hartua dela argudia dezake eta dena debekatu. Hau hipokresia hutsa da».
Izan herri edo norbanakoenak, askatasun, ideien eta eskubideen defentsa «kriminalizatzeko helburua» ikusi dute hizlariek estatuen jarreretan eta, guztiaren atzean, «demokrazia eza nabarmena, gatazka eta presoak sortzen dituena».