«Baimendua, baketsua eta herrikoia» izango da biharko manifestazioa
Gaur amaituko dira G7-EZ! platafomak Ficobako erakustazokan egin dituen topaketak, eta asteburuko mobilizaioek hartuko dute kontragailurraren lekukoa. Larunbatekoa «baimendua da, herrikoia izango da eta giro baketsuan igaroko da».
Larunbatean goizeko 11etan Hendaiako portutik abiatuko den manifestaldiak, «Euskal Herritik beste mundu bat sortzen» goiburua izango du, eta Txingudiko badiaren ertzetik doan etorbidea zeharkatu ostean, tren geltoki aldera jarraituko du, handik Santiagoko zubira daraman bidea hartu, eta Ficoba erakustazokan amaitzeko.
Pankartaren atzean G7-EZ! Eta Alternatives G7 plataformak osatzen dituzten eragile anitzetako bina ordezkari izango dira. Manifestariei ibilbidean laguntzeko ez da joaldunik faltako, ezta estilo desberdinetako musikaririk ere, eta Parisen «Orain presoak» aldarrikatzeko egin zen manifestazioan bezala, Hendaia eta Irun artean ere kontzertu bat eskainiko duten musikari ezagunak izango dira kamioi handi batek garraiatuko dituen oholtza ibiltariaren gainean.
Azken egunetan egin diren hainbat ekimenetan ikusi ahal izan den moduan, G7-EZ kontragailurrean parte hartzen duten pertsona eta eragileak anitzak dira, eta baita haien ikur eta banderak ere, horregatik, biharko manifestazioa oso koloretsua izango da. Antolatzaileen esanetan, «familia giroan edo lagun artean gozatzeko aukera eskainiko du mobilizazioak».
Munduan ematen ari diren borroka nagusien isla izan da azken egunotan Ficoba erakustazoka eta biharko mobilizazioak ere mundura begiratuko du, baina bertako ikuspegi batetik abiatuko da, horregatik, Santiagoko zubian «ekintza sinboliko ikusgarri» bat egingo dute Euskal Herriaren lurraldetasuna aldarrikatzeko.
Manifestazioa Ficoba erakustazokaren kanpo aldean amaituko da 13.00ak aldera, eta bertan, G7EZ! eta Alternatives G7 plataformetako eragileek gaur arratsaldean adostu duten adierazpena irakurriko dute.
Igandean Baionan
Horrez gain, Biarritz, Bidarte, Angelu eta Baiona artean diren zazpi gune «modu baketsuan» okupatzeko deialdia egin du G7-EZ! plataformak. Horrela, frantziar Estatuak Biarritz inguruan ezarri dituen kolore gorri eta urdineko segurtasun eremuen inguruan, «ortzadar eremua» osatuko da.
Bestalde, ANV-COP21, Alternatiba eta Bizi! mugimenduak deitu duten «erretratuen martxa» izango da igandean Baionan. Goizeko hamarretan Baionako erdigunean pilatuko da jendea, eta ordu erdi bat geroago zutabe desberdinak abiatuko dira, guztiek batera, leku berean amaitzeko.
Parte hartzaileei etxetik koadroak ekartzeko deia luzatu diete antolatzaileek, izan ere, manifestari bakoitzak zapi edo poltsa batekin estalia duen koadroa eraman beharko du, eta amaieran, koadro guztiak desestaltzen dituztenean, Estatu frantses osoan 128 udaletxetan lapurtu diren Macron presidentearen koadroak agertuko dira. Haien artean izango da, gaur goizean Irisarriko herriko etxetik atera duten koadroa ere.