INFO

Indonesiak hiriburu berria eraikiko du, Jakarta itsasoak «jan» egingo du-eta

Joko Widodo Indonesiako presidenteak iragarri du Jakarta hiriburu izateari utzi egingo diola, itsasoko uraren mailaren mehatxupean baitago, eta gizakiok bertan zutitu ditugun azpiegitura, eraikin eta gauza guztien pisua gehiegizkoa delako, lurrak eutsi diezaion.

Tribun Kaltim hedabidearen arabera, leku honetan eraikiko dute hiriburu berria. (Fachmi RACHMAN / AFP)

Hiriburuak hamar milioi biztanle inguru ditu, baina ondoan dituen hiriekin batera hogeita hamarren bat milioiko megalopolia osatzen dute, ia-ia Tokyo Japoniako hiriburuak adina.

Agintariek dagoeneko erabakita dute hiriburu berria non eraikiko duten. Borneo uharteko Kalimantan ekialdeko probintziako leku zehatz bat aukeratu dute, «oso puntu estrategikoa delako, Indonesiaren erdialdean baitago».

Herrialdea 17.000 uhartez osatuta dago: 5.120 kilometroko luzera ekialdetik mendebaldera eta 1.760 kilometroko zabalera iparraldetik hegoaldera. Hiriburu berria eremu handi horren erdian egingo dute.

Gobernuak uste du leku horretan hondamendi naturalak jasateko arriskua txikia dela, Jakartakoa baino txikiagoa behintzat. Widodo presidenteak uste du toki horretan uholdeak, lurrikarak, tsunamiak eta sumendi erupzioak izateko arriskua oso txikia dela.

Kontuan hartu behar da Ozeano Bareko Suzko Eraztunean dagoela herrialdea, lurrikara eta sumendi erupzio asko izaten dituen eremuan alegia.

Balikpapan eta Samarinda hirien artean dago agintariek proposatu duten lekua. Baso tropikala da nagusi bertan. Bere bioaniztasuna nabarmentzekoa da, beraz. Hiriburu berriari oraindik ez diote izenik ipini.

Gobernuko erakunde eta agentziak 2024tik aurrera hasiko dira leku batetik bestera pasatzen, Bambang Brodjonegoro Planifikazio ministroak jakinarazi duenez.
Jakarta egungo hiriburuan gero eta herritar gehiago dago kezkatuta. Hiria behera egiten ari da, itsasoko uraren mailak gora egiten duen bitartean.

Gaurko erritmoari eutsiz gero, hiriaren heren bat suntsitu egingo da 2050 urterako, itsasoak bereganatuta, ingurumen adituek egin dituzten kalkuluen arabera.

Hiriburu izateari utzita ere, jakartar askok bertan bizitzen jarraitzea beste irtenbiderik ez dute izango, pobreziaren eraginez.