INFO

Erraustegiaren kutsadura laginak aztertuko ditu Zubieta Lantzen herri plataformak

Hurrengo asteetan Zubietako erraustegiaren kutsadura laginak hartuko dituzten bi eragile hurbilduko dira inguruko landa-eremu eta oilategietara Zubieta Lantzen herri plataformaren eskariz. «Datu propioak» esku artean izatea autodefentsako neurri gisa ikusten dute.

Zubietako herriko plazan egin dute agerraldia Zubieta Lantzen elkarteko kideek.(Gorka RUBIO / FOKU)

Zubieta Lantzen elkarteak ostegun honetan eginiko prentsa agerraldian jakinarazi du erraustegiaren kutsadura laginak hartu eta hauek aztertzeko bi eragileren laguntza izango dutela irailean zehar. Hauetako bat nazioarteko fundazioa da, ToxicoWatch izenekoa, eta bestea Lakuak akreditatutako euskal enpresa dela argitu dute.

Bi enpresa hauen kontratazioa aurrerapauso garrantzitsutzat jo dute herriko plazan eginiko prentsaurrekoan. Jada lotuta dituzte azterketak egingo dituzten lur, landaredi eta oilategiak. «Gure datu propioak gure esku izatea, amesgaizto honen aurkako autodefentsa neurri gisa planteatzen dugu», adierazi du elkarteko kide Ane Aranburuk.

Jakinarazi dute Gipuzkoako Foru Aldundia legez derrigortuta dagoela erraustegiaren plan bat garatzera, erraustegiaren tximinietatik ateratzen diren keak ingurumenean –airean, lurrean, uretan, nekazaritza-produktuetan, landareengan, herritarrengan...– eraginik ez dutela ziurtatzeko. Metal astun, dioxina eta furanoak ez direla metatzen ziurtatzeko ere metodo zientifiko bat garatu behar du administrazioak baina Zubieta Lantzeneko kideek ohartarazi dute oraindik ez dutela inolako planen berri, «nahiz eta agintariek dioten erraustegia epe laburrean jarriko dela martxan».

Zubietan eraikitzen ari diren erraustegiak herritarrengan hasieratik piztu dituen kezkak bultzatuta, herri plataformak bere gain hartu du kutsadura neurtzeko lana. Honekin, gainera, espero dute administrazio publikoak helarazten dioten datuak alderatzeko aukera izango dutela.

ToxicoWatch herbeheretarra eta euskal enpresa

Datozen asteetan hurbilduko dira erraustegiaren inguruetara Zubietan Lantzen plataformarekin elkarlanean arituko diren enpresako ikerlariak. Herbehereetako fundazioa da ToxicoWatch –gobernuz kanpoko zientzialarien elkargoa– eta honek bioakumulazioko fenomenoak izan ditzaketen landareak, arrautzak eta lurrak aztertuko ditu.

Euskal Herriko enpresak, bestalde, metal astunen azterketa eta jarraipena egingo du.