INFO

Ministerioari eskatu diote ez dezala lurperatze proiektua itxi Salburua eta Zabalgana kontuan hartu gabe

Gaur goizean aurkeztu ditu EH BiIduk Gasteizen Trena Integratzeko Azterlan Informatiboari eginiko alegazioak. Salburua eta Zabalgana auzoak zatitzen dituen muga edo barrera-efektua salatu du.

Felix Gonzalez eta Rocio Vitero EH Bilduko zinegotziak. (@ehbildugasteiz)

EH Bilduk gaur goizean aurkeztu ditu Gasteizen Trena Integratzeko Azterlan Informatiboari eginiko alegazioak. Bederatzi arlo nagusitan banatzen dira, non arazo urbanistikoak, kostuekin eta finantziazioarekin harremana dutenak, edota ingurumenari kalteak nagusitzen diren.

Udal taldeak Salburua eta Zabalgana auzoak zatitzen dituen muga edo barrera-efektua salatu du. «Trenbide hauek suposatzen duten barrera fisikoek aipaturiko auzoen garapenean izango dute eragina etorkizunean, segregazio arriskua handituko da, eta, era berean, desberdintasun sozialak areagotuko ditu», adierazi du.

Horregatik, EH Bilduk Salburua eta Zabalgana auzoen garapen urbanistiko, ekonomiko eta soziala eragotziko ez dituen lurperatze osoa eskatu dio Sustapen Ministerioari. «Hau da obra bere osotasunean definitzeko momentua, nahiz eta obra bera fase ezberdinetan egin», azaldu du Felix Gonzalez zinegotziak.

Talde subiranistak gastua justifika dezan ere eskatu dio Ministerioari. Izan ere, joan den uztailaren 5ean Espainiako Aldizkari Ofizialak argitaratutako Azterlan Informatiboan aurrekontuaren %20aren igoera jasotzen zen, urtarrilean Abalos ministroak Gasteizen egindako aurkezpenean emandako datuekin alderatuta.

Horrez gain, 2010ean Elkarlanerako Protokoloaren Helburuetako dokumentuan ageri zenez, proiektuak ibilbidea bere osotasunean lurperatzearen ideia jasotzen zuen, 6,8 km, eta orain kalkulatutakoa baina kostu nabarmen txikiagoarekin. Horrela, eta Felix Gonzalez EH Bilduko zinegotziak dioenez, «gastu izugarri igo eta lurperatzea gero eta gehiago murriztearen joera baieztatzen da».

Kezka larria sortu duen beste alderdietako bat finantziazioaren inguruko informazio falta da. Taldeak higiezinen gainbalioan oinarritutako finantziazioaren bideragarritasunaren inguruan sortu diren zalantzak argitzeko eskatu dio ministerioari; «izan ere, eta Kontu Auzitegiak onartu bezala, ez da egia era honetan lurperatzea finantza daitekeenik, administrazioentzako gasturik suposatu gabe.

Kalteak ingurugiroan

Halaber, ingurugiroan kalteak sor ditzakeen arazoengatik dago kezkatuta koalizioa. «Dokumentuan jasota dagoen moduan, ez ditu baldintza minimoak bermatzen, eta horregatik uste dugu ezezkoa eman behar zaiola Ingurumen eraginaren inguruko txostenari», aipatu du Gonzalezek.

Udal taldearen ustez, ematen diren kalteak askotarikoak dira: akustikoak, airearen kalitateari dagozkionak, faunari, begatzioari, korridore ekologikoari eta nabarmentzekoak diren espazioa naturalei. «Proiektua bere horretan aurrera eramanda, ingurumenaren garapena eta natura espazioen etorkizuna hipoteka dezake», dio Gonzalezek.

Azkenik, EH Bilduk uste du ez dela parte hartzea bermatu. «Nahiz eta indarrean dagoen araudia bete den, Azterlan Informatiboa publikoa egin da udako opor garaian, hiritar nahiz kolektiboetan bolondres lanean dihardutenen denboraldi sozialki baliogabean. Horrela izan arren, mila izan dira alegazioak euren kabuz erregistratu dituzten pertsonak, baita mobilizatu diren pertsona zein kolektiboak», ohartarazi du.