INFO

Euskal Diasporaren Egunean kanpotik datozenei harrera egiteko eskatu du Urkulluk

Iñigo Urkullu lehendakariak Ispasterren egindako Euskal Diasporaren Eguna eta oraintxe munduan migrazioaren inguruan bizi den egoera larria elkarlotu ditu, eta kanpotik datozenei harrera egiteko eskatu du.

Ispasterren izan da Euskal Diasporaren Eguna. (Jaurlaritza)

Ispasterreko plazan hartu du hitza Iñigo Urkulluk Euskal Diasporaren Eguna ospatzeko egindako ekitaldian. Munduko beste lekuetatik datozen migranteak jasotzeko dei egin du lehendakariak. Ekitaldia Eusko Jaurlaritzak eta Ispasterreko Udalak antolatu dute.

Europari ere zuzendu zaio Urkullu, «babes eta beste etorkizun baten bila» datozen pertsonei behar bezala erantzuteko politika bateratua adostu dezan. «Ezin dezakegu beste alde batera begiratu», nabarmendu du.

Euskaldunek ere beste herrialde batzuetan aterpe jaso zutela gogorarazi du, eta horregatik euskaldunek ere aterpe eman behar dutela gaineratu du. Euskal Herria herri migrantea izan dela nabarmendu du, bai bizimodu hobe bila baita jazarpen politikoaz ihesi ere.

Diasporara joandako euskal herritarren lana ere goraipatu du, euskal nortasunari eusteko eta, aldi berean, mundura zabaltzeko. Euskal Etxeek osatutako sarearen lana azpimarratu du. 25 herrialdeetan barreiatuta, 191 dira. Bere hitzetan, «euskal diaspora gaur egun sare sendo eta aktiboa da, Euskadiren izen ona zabaltzen duena».

Ekitaldian, Urkullu lehendakariarekin batera, Erakundeetako beste zenbait arduradun egon da, besteak beste: Legebiltzarreko lehendakaria, Bakartxo Tejeria,; Josu Erkoreka, Arantxa Tapia, Iñaki Arriola, Nekane Murga, Estefania Beltran de Heredia eta Maria Jesus San Jose sailburuak; Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria, Ana Otadui; Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, Maria Angeles Elorza, eta Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria, Gorka Alvarez.