INFO

35.000 ikasle erakarri nahi dituzte EAEko 103 euskaltegiek

«Euskararekin gehiago ahalko duzu» lelopean eta 35.000 ikasle erakartzeko asmoz, abian da EAEko 103 euskaltegien matrikulazio kanpaina.

Donostian aurkeztu dute aurtengo matrikulazio kanpaina. (IREKIA)

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak 2019-2020 ikasturterako euskaltegien matrikulazio kanpaina berria aurkeztu du gaur, Donostiako Urrats euskaltegian. «Euskararekin gehiago ahalko duzu» lelopean, irailaren 27ra arte luzatuko da aurtengo matrikulazio kanpaina, EAEko 103 euskaltegietara milaka herritar erakartzeko asmoz.

Lakuako ordezkariak azaldu duenez, aurreko urteetako matrikulazio datuak berritzen badira, 35.000 ikasle inguruk ekingo diote euskara ikasteko edo bere gaitasuna hobetzeko erronkari. 2019-2020 ikasturtean, gainera, inoiz baino diru-laguntza gehiago izango dituzte ikasleek, izan ere Gobernuak ikasleentzako diru-laguntzetara bideratutako aurrekontua %37 igo du aurten. «Helburua da erakunde guztien diru-laguntzak baliatuz 2020-2021 ikasturterako doakoa izatea euskararen irakaskuntza B2 mailara arte», gaineratu du.

Dena den, pasa den astean EH Bildu eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariak akordio batera iritsi ziren euskara ikastea doakoa izan dadin C1 maila lortu arte.

«Ahalduntzeko» beste modu bat

Zupiria sailburuarekin batera, gaurko ekitaldian izan dira Miren Dobaran Lakuako Gobernuko Hizkuntza Politikako sailburuordea, Jokin Azkue HABEko zuzendaria eta Isidro Yoldi Urrats euskaltegiko zuzendaria, bai eta aldundietako, Donostiako Udaleko, Eudel, UEMA eta euskaltegien munduko ordezkariak eta ikasleak ere. Nabarmendu dutenez, euskarari atea irekiz, herritarrek aukera berriak aurkituko dituzte: «Lagun berriak, bizipen eta emozio berriak, kultur adierazpen berriak, aukera profesional berriak…». Erakunde eta euskaltegien ordezkariekin batera, prentsaurrekoan hitza hartu du Joyse Vitorino de Medeiros ikasleak.

Sailburuak azpimarratu du euskara ikastea dela herritar moduan «ahalduntzeko» beste modu bat: «‘Euskararekin gehiago ahalko duzu’ da aurtengo leloa, uste dugulako euskaraz hitz egiteko gai izatea herritar bezala ahalduntzeko beste modu bat dela. Eta hori euskara ikasteko bidea egin dutenek nabarmentzen dute. Euskara ikasiz, ikusezina zen mundu bat ikusgai bilakatzen da. Aisialdirako aukera berriak, komunikatzeko aukera berriak, gauzak ikusteko era ezberdin bat, musika gehiago, literatura gehiago, kultura gehiago, lagun berriak edota aukera profesional berriak agertzen dira. Euskara ikasteko urratsa ematea ahalmen berri bat betiko eskuratzea da: euskara bizitza guztirako inbertsioa da».

Era berean, Zupiria sailburuak eskertu nahi izan du euskara ikasteko urratsa ematen duten herritarren ahalegina. «1986tik 470.000 herritarrek eman dute izena EAEko euskaltegiren batean. Haien ezaugarriak, euskarekiko harremana, motibazioak eta esperientziak oso ezberdinak izan dira, baina guzti-guztiei eskertu behar diegu egindako ahalegina. Euskara ikasiz beste hainbat herritarrengana hurbiltzeko ahalegina egin dute eta gure gizartearen elkarbizitza sendotzen lagundu dute».

Gaurko aurkezpenean azpimarratu dutenez, EAEko euskaltegien sarea osatzen duten 103 euskaltegiek erraztasun guztiak eskainiko dizkiete ikasleei «euskara ikasteko bidea ahalik eta erosoen egin dezaten». Hartara, euskaltegiek geroz eta erraztasun handiagoak eskaintzen dituzte ordutegien malgutasunari, teknologia berrien erabilerari eta ikaskuntza-epearen bateragarritasunari dagokienez. Horrez gain, erraztasun ekonomikoak «inoiz baino nabarmenagoak dira», nabarmendu du. 

Gobernuak, halaber, %2,2 areagotu du EAEko euskaltegien sareko zentroentzako dirulaguntzak (HABEk kudeatzen duen euskaltegien sarean EAEko 103 euskaltegiak daude). Guztira, 32,9 miloi euro bideratuko ditu HABEk euskaltegiak laguntzera (20.760.000 euskaltegi pribatuentzat eta 12.150.000 euro udal euskaltegientzat), iaz baino 707.500 euro gehiago.

Ikasleen profila

Iragan 2018-2019 ikasturtean, 35.524 ikaslek eman zuten izena Euskal Autonomia Erkidegoko euskaltegietan, aurreko ikasturtean baino 856 ikasle gehiagok (%2,4 gehiago). Iazko ikasturtean matrikulatutako ikasleen %66,6 emakumezkoak ziren, eta %33,34 gizonezkoak. Ikasleen batezbesteko adina 38,61 izan zen. Ikasleen %80ak euskaltegi pribatuetan eman zuen izena, eta gainontzekoek udal euskaltegietan. Ikasleen erditik gorak B2 (%25,67ak maila hori gainditzeko eman zuen izena) eta C1 (%27,99k maila hori gainditzeko erronkari ekin zion) mailetan eman zuen izena. «Kasuistika oso zabala bada ere, ikasleen ezaugarriak aldatzen ari dira. Gizartea euskaldundu den heinean, ikasleen maila altuagoa da eta askok euskara badakite, baina maila hobetu nahi izaten dute», azaldu dute.