INFO

Beldur Barik lehiaketaren edizio berezi bat hasi da, hamargarrena

Emakundek bultzatuta eta beste erakunde batzuen laguntzarekin, gazteen artean errespetua, berdintasuna eta indarkeria sexistaren prebentziorako jarrerak sustatu nahi ditu Beldur Barik programak. Honen barruan, lehiaketa egingo da hamargarren aldiz.

Beldur Barik tailerrak, Gasteizko Artiumen, 2012an. (Juanan RUIZ / FOKU)

Beldur Barik programaren edizio berezi bat hasi da gaur; izan ere, aurten 10. urteurrena ospatzen du. Gazteen artean indarkeria sexista prebenitzeko asmoarekin, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak antolatzen du eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundien zein Eudel-EAEko Udalen Elkartearen babesa du, baita beste erakunde batzuena ere.

Beldur Barik lehiaketa programaren ekintza nagusietako bat da. 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendua dago eta adierazpen artistikoak saritzen ditu. Lan horiek erakutsi behar dute neskek eta mutilek nola egiten dieten aurre ezberdintasun egoerei Beldur Barik jarrerarekin; alegia, errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkarkidetza eta indarkeria sexistaren bazterketa irmoa adierazten duten jarrerekin.

Lanak aurkezteko epea gaur bertan ireki da eta azaroaren 5ean itxiko da. Parte-hartzeko hiru kategoria daude: 12-13 urte bitartekoak, 14-18 urte bitartekoak; eta 19-26 urte artekoak. Bakarka edo taldeka parte har daiteke lehiaketan.

Iazko edizioan 312 lan eta 2.113 gazte aurkeztu ziren. Datuek erakusten dutenez, urtetik urtera hobea da lehiaketaren harrera.

Beldur Barik jarrera

Beldur Barik ez da lehiaketa soil bat, aurkeztutako lanek Beldur Barik jarrera azaldu behar baitute. Hau da, kultura matxistaren zein indarkeria sexistaren adierazpen desberdinak eraldatzeko norbanako zein taldekako konpromisoa islatu behar dute. Beraz, kalitate tekniko edo artistikoaren gainetik, mezuaren kalitatea baloratuko da, nesken ahalduntzetik gogoetak eta eztabaidak sortzeko gaitasuna, eta mutilen matxismoaren aurkako konpromisoa erakusten dutenak.

Adierazpen artistiko mota oro onartuko da, formatu digitalean. Kategoria bakoitzeko, 400 euroko sari bana banatuko da. Horrez gain, 300 euroko herri bozketaren bitartez parte-hartze saria emango da. Eta ekoizpen onenak 300 euroko saria jasoko du.