Altsasuko gurasoak: «Eskubide urraketa hauen bukaera izatea espero dugu»
Gaurko Auzitegi Goreneko auzi saioaren ondoren, han ikusi eta entzundakoen balorazioa egin dute Altsasuko gurasoek. Adierazi dutenez, «beste behin ere, ez errugabetasun presuntziorik, ez proportzionaltasunik, ez berme minimorik» ere ez du izan epaiketak. Oraindik bizi duten eskubideen urraketa salatu dute.
Auzitegi Gorena 10.30ean hasi da Altsasuko gazteen epaiari jarritako helegiteak aztertzen, defentsaren abokatuek beren arrazoibideak eman eta gero.
Defentsak azpimarratu du Guardia Zibilak auziaren prozesu osoa baldintzatu duela, hasi instrukzio fasetik eta epaiketaren azken eguneraino, epaile nagusia guardia zibil batekin ezkondua egoteaz gain, Guardia Zibilak berak kondekoratua delako.
«Nahiz eta gertakizunekin lotzen dituen froga egiaztagarririk eman ez, gure seme-alaben errugabetasun presuntziorik ez da inoiz errespetatu», nabarmendu dute Altsasuko gurasoek. Oroitarazi dute gertakizunek eraginda gertatu omen ziren lesioak ez direla inondik inora medikuen txostenetan agertzen direnak; orkatila hautsi bat besterik ez da frogatu ahal izan.
Gainera, «hasieratik bertatik terrorista zirelakoan hitz egin da gure seme-alabez, eta estigmatizazio horrek baldintzatu du beren aurkako epaiketa. Defentsak batez ere diskriminazio ideologikoa gertakizunak larriagotzeko erabili izana salatu du, jakinik Guardia Zibila ez dela egoera zaurgarrian dagoen kolektibo bat».
Talde politikoekin bilera
«Gaur goizeko Auzitegi Goreneko saioa zentzugabekeria juridiko eta eskubide urraketa hauen bukaera izatea espero dugu», agertu dute Altsasuko gurasoek. Helburu horrekin izan dira azken egunotan Europan, eta gaur, auzi saioaren ostean, diputatuen kongresuan.
«Azken bilera honek talde politiko bat baino gehiagorekin egoteko balio izan digu, PNV, EH Bildu, ERC, PDcat, Conpromis, eta Unidas Podemosekin, eta denek erakutsi dute gure auzian gertatutako eskubide urraketengatik kezka, baita eskubideen alde lan egiteko beharra ere».
Orain epaiaren zain gelditu dira, eta epai horrek esango duenari adi egotera deitu dute jendea. Horren berri jakitean antolatuko ditugun ekimenen berri emango dute.