INFO
Entrevue
Jon Garaño, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga
‘La Trinchera Infinita’ filmaren zuzendariak

«Satorra sekretuan bizi da, baina berarentzat sekretua dena kanpokoa da»

Igandean estreinatuko dute Jon Garañok, Jose Mari Goenagak eta Aitor Arregik ‘La Trinchera Infinita’ Zinemaldiko Sail Ofizialean. 36ko Gerraren ondoren 30 urtez etxean ezkutatzen den gizonezko baten eta haren emaztearen historia sakonki eta ertz desberdinetatik aztertzen du hirukoak zuzentzen duen fikziozko laugarren film luzeak.

Garaño, Arregi eta Goenaga, «La Trinchera Infinita» filmaren zuzendariak. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.


‘80 egunean’, ‘Loreak’, ‘Handia’ eta orain ‘La Trinchera Infinita’. Jon Garañok, Jose Mari Goenagak eta Aitor Arregik osatzen duten hirukoaren laugarren fikziozko film luzea Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatuko da igande honetan. Ikusmira piztuko du lanak. Izan ere, heltzen dion gaiak bai baituelako mamirik, eta baita gaurkotasunik ere, nahiz denboran 80 urte atzera egiten duen, 36ko Gerraraino. Higinio Blanco (Antonio de la Torre) eta Rosa (Belen Cuesta) bikotea ditu ardatz. Blancok heriotza besterik ez du etorkizun guda betean «gorrien» aurka altxatako oldarraldian. Heriotza edo biziraun. Baina ze preziotan? Etxean ezkutaleku bat egin eta egoera baretu arte bertan gordetzea erabakiko du, berak, eta Rosa emazteak. Zuloa, ordea, ez da soilik pareta atzekalde batean eraikitakoa izango, bien bizitzak baldintzatuko ditu luzaro, hogeita hamar urtez, ezkutaldia bera banakakoa izan beharrean, biontzako itxialdi bihurtzeraino.

Filma estreinatu berritan, nola sentitzen zarete?
Jon Garaño: Denbora luzea eman dugu film honekin, 2011tik, Jose Marik (Goenaga) ideia izan zuenetik, gaur arte. Prozesuak luzeak egiten dira eta batik bat, pelikulen bukaerak. Errodajea nahiko zaila izan zen eta edizioan gustura ibili gara, baina azken hilabeteetan luze egin zaigu. Behin pelikula egindakoan, daukazu sentsazio bat erditu izanarena eta orain nahi duzu jakin jendeak zer pentsatzen duen, kosta egiten den arren iritziak prozesatzea.

Metrajea luzea da, bi ordu eta erdikoa. Arrisku bat izan daiteke zineman hori, nahiz filmak lortzen duen pultsua mantentzea eta, areago, Higinio Blancoren 30 urteko ezkutaldia berarekin bizitzea ahalbidetzea.
Jose Mari Goenaga: Iraupenarenaz ez ginen oso kontziente izan idatzi genuenean, ezta grabatu genuenean ere. Ane Muñoz daukagu skriptean errodajean eta esan zigun ia hiru ordutara gindoazela. Montajean eta edizioan buelta asko ematen dizkiegu gauzei eta pentsatzen genuen bi ordutan edo utziko genuela. Lehenengo montajea ikusi genuenean konturatu ginen filma luzea izango zela. Beti saiatzen zara ahalik eta motzena egiten baina baita ere filmaren esentzia mantentzen eta kasu honetan azkenean bi ordu eta erdiko pelikula egin dugu. Saiatu gara motzago egiten baina ez zuen funtzionatzen. Azkenean behar duzu hogeita hamar urtean zehar bere etxean ezkutaturik dagoen pertsona baten eta bere emaztearen bizitza kontatzeko ikusleari sentiarazi zer suposatzen duen horrenbeste denboran etxean ezkutatuta egoteak.

J.G.: Batzuetan pelikula bat mozten duzunean, eta gure kasuan horrela izan zen edizio gelan bi ordutara jaitsi genuelako, pelikula luzeagoa egiten zaizu, ez zitzaigun hain eramangarria egiten. Luzeerarena ere jendearen pertzepzioan erlatiboa izan daiteke.

Aitor Arregi: Ez dizu hainbesteko posoa uzten. Esperientzia subjektibo bat da: matrimonio bat 30 urtetan, etxean sartuta, horrek ere behar du denbora bat. Ez dituzu sekula sentituko 30 urte horiek errealki, baina gerturatu nahi baduzu denbora inbertsio bat egin behar duzu.

Andaluzian egin zenuten grabaketaren zati bat. Ez dakit gerora bertako jendearekin harremana izan duzuen, baina filma momentu zehatz batean dator, non ultraeskuina bertako Gobernura iritsi den. Badirudi iraganeko denbora badatorrela berriz bueltan.
A.A.: Batez ere edizio garaian asko hitz egiten genuen film honek nola ekartzen dituen iraganeko hainbat gauza orainaldira. Ez da bakarrik errepresentazio historiko bat egitea, baizik gaur egunarekin nola dialogatzen duen erakustea. Hau estreinatzen denean nola hartuko den egoera politikoagatik, jendeak zer esango duen, ezjakintasun hori hor dago, zeren episodio batzuk oraindik irekita daude eta tsunami politikoa ere hor dago. Baina ez dago gure esku ere. Ikusiko da zein den jendearen harrera honen aurrean.

J.M.G.: Izenburuak berak ere, ‘La trinchera infinita’ edo ‘Lubaki amaigabea’, badauka esanahi hori. Izan daiteke baita ere honen ezkutaldia oso luzea delako baina baita ere konfliktoak noiz amaitzen diren sekula ez dakizulako. Gauza bat bestearen emaitza da eta uste dut gaur egun ere oraindik konflikto haien eta haien aurretik egon diren beste batzuen emaitza garela.

Gazteleraz egiten duzuen lehenengo fikziozko film luzea da. Eta aktoreak ere atzerritarrak dira denak. Pausu kualitatibo bat da ‘La trinchera infinita’ zuen zinemagintzan?
J.G.: Egia da gure fikziozko lehen film luzea dela gazteleraz, baina kasu honetan desberdintasuna da Andaluzian kokatzen den istorio bat dela eta horregatik osoki pelikula grabatu izan da aktore andaluziarrekin. Hori horrela izan da historiak eskatuta. Benetakotasun bat eman nahi genion eta zentzua zuena zen bertan egitea. Eta saiatuz behintzat izan zezala esentzia bat Andaluziako herriko hizkuntzarena. Laguntza handia izan dugu historialari eta linguista batzuen eskutik eta batik bat aktoreen aldetik. Beraiek ere asko jarri dute beraien partetik, hizkuntzari emateko andaluziera kutsu hori. Horretan azentoa dago eta batzuk hasi dira esaten pelikula ez dela ulertzen (barreak). Grazia egiten zigun aktore batek nola esaten zigun orain arte gure pelikulak berak azpitituluekin ikusi behar zituela, noski, euskaraz zirelako, eta honek ere izan behar zuela azpitituluekin.

A.A.: Film hau ez dugu bizi jauzi kualitatibo bat moduan. Pausu bat moduan bai, azkenean eboluzio bat dagoelako. Oinarri-oinarrian beti dago gustatzen den historia bat, eta gero ikusten duzu ze logika daukan, edo ze zailtasun dituen. Uste dut kanpotik ikusten dela gehiago jauzi moduan barruan baino. Barrutik izan da prozesu bat… nahiko mestizaje egin dugu generoekin, iraupenarekin eta baita hizkuntzarekin ere. Barruan gauza logiko moduan ikusi dugu, historiak eskatzen duen hizkuntzaren arabera kontatzen duzulako. Hori da orain arte eraman dugun politika eta espero dugu horrela izatea aurrerantzean ere.

Filmak zatikatzeari afizioa hartu diozuela dirudi. «Handia» urteka sailkatu zenuten, eta hemen hiztegi moduko bat da planteatzen duzuena.
J.M.G.: Zalantza sartzen zaigu kapazak ote garen kapitulurik gabeko film bat egiteko. Egia da ‘80 egunean’-en ere egunak zeuden, ‘Loreak’-en hiru atal zeuden, ‘Handia’-k eleberri formatu bat zeukan eta kasu honetan ez zen gure proposamena izan, baizik Luiso Berdejo gidoilariarena.

Film honetan beste erronketako bat zen denbora hori nola irudikatu. Nola sentiarazi jendeari denbora pasatzen ari dela. Ez genuen gehiegi jo nahi irudien muntaia musikaletara. Badago baten bat. Noski elipsiak sortu behar dituzu eta horretarako batzuetan lagungarria da kontzeptuka sailkatzea. Filmean saiatu gara Higinio Blancoren bizitzan leihotxo batzuk irekitzen.

Ikusleari eskatzen zaio kapitulu horietako bakoitzean bere burua birkolokatzea, egoera berri batean sartzea eta alde horretatik ikustaldi aktibo bat eskatzen zaio.

J.G.: Lau pelikuletan jarri ditugu kartelak eta arrazoi desberdinengatik erabili ditugu. ‘80 egunean’-en erabili genituen denbora pasatzen ikus zedin. ‘Loreak’-en kasuan hiru bakarrik zeuden eta ezkutuago bezala geratzen ziren. Baina ikuspuntu desberdinak adierazteko erabili ziren. ‘Handia’-ren kasuan kontatu nahi genuen gauza bat zen fikzioaren eta errealitatearen arteko istorio bat. Historia erreal bat kontatu nahi genuen baina benetan fikzio bat zen. Nobelatzen aritu ginen, kapituluak nobela bat izango balira bezala ezartzen.

Errodajean zailtasunak izan zenituztela aipatu duzue lehen. Ze zentzutan?
J.G.: Filma grabatu genuen bi zatitan. Bata 2018ko udaberrian eta bestea 2018ko udan. Aktorea aldatu egiten da pelikulan zehar eta denbora eman behar genion berari ere aldatzeko. Orduan bost astetako pausaldia egin genuen. Udaberriko filmaketan Jose Mari eta Aitor egon ziren eta udakoan Jose Mari eta ni. Gogorrena uste dut lehenengoa izan zela, baina beraiek kontatuko dute gehiago.

A.A.: Filma ikusten duzunean badirudi epopeia bat etxe batean, matrimonio bat, pertsonaia konkretu batzuk eta badirudi nahiko manejablea izan daitekeela baina ez dago pelikula txikirik. Andaluzian filmatu zen, Euskal Herrian ere platoetan, handik hona ekartzea, talde banaketa bat, erdiak euskaldunak erdiak andaluziarrak, erdian ere geldialdi bat. Hor badago produkzio eta logistika lan nahikoa. Lehenengo aldia zen ere gazteleraz egiten genuena, horrek sortzen dizun ziurgabetasunarekin. Oso aktore potenteak izan ditugu, izaera handikoak eta lan egiteko era bat dutenak. Horra ere ajustatu behar izan dugu. Andaluziera. Ez da bakarrik andaluziera gaurkotua, 36ko andaluziera bat, erreala izan behar duena, euskaldun batzuk hori egiten, sortzen dizun beldurrarekin. Gai ote gara gu hemen benetakotasun bat erakusteko? Eta ekoizpenean dauden arazo horiek.

Zorionez oso talde indartsua sortu zen, eta jende horrek zekienarekin gehi dokumentazioarekin lortu genuen aurrera ateratzea. Eta gero euri pila egin zigun. Andaluzian? Ba bai, euri pila egin zigun. (Barreak).

Filmean, gehienak, hasierako eszenak kenduta, barrukaldeak dira. Horretan erronka ikusi zenuten? Esan nahi dut oso murritza delako ekintza gertatzen den espazio fisikoa.
J.G.: Eta gauza asko geratzen dira espazio horretan. Erronka zen nola eman forma horri guztiari, erakargarri egitea espazio murritz batean. Filmak hiru espazio bezala ditu. Bata da kalea, bigarrena etxea eta hirugarrena etxean egiten duen zuloa. Espazio bakoitzari pertsonalitate bat eman behar zitzaion eta kontuan izan espazio hori agertzen zen bakoitzean ezin genuela errepikatu aurrekoan erabilitako formula. Nahiko buruhauste izan da eszenario berri hori agertzen den bakoitzean modu berrian erakustea. Bere garaian hartu zen erabaki bat oso garrantzitsua izan zena eta da historia hau kontatzea Higinio Blanco protagonistaren ikuspuntutik. Momentu batzuetan, batez ere etxearen espazioan gaudenean, guk jarri genuen arau hori hausten dugu eta ikuspuntua pasatzen da Rosara, Higinioren emaztearengana. Ez da bakarrik pertsona baten ezkutaldia, baizik zentzu handi batean, emakumeak ere, nahiz kalera atera, ezkutatuta bizi behar du. Kontatu nahi genuen guztia bi pertsonaien ikuspuntutik eta nahi genuen ikusleak sentitzea zentzu batean behintzat protagonistek sentitzen dutena.

Kuriosoa egiten da gauza bat filmean. 30 urteko ezkutaldi bat kontatzen da, sekretu bat da, baina filma aurrera joan ahala, antzematen da sekretu hori ez dela hain sekretua ere, hau da, herriko batzuk badakitela Higinio Blanco ez dagoela ez hilda ez eta ihesean ere.
J.M.G.: Hor badago ezjakintasun bat bai pertsonaien aldetik, bai gure aldetik ikusle bezala eta baita gu hiritar garen aldetik ere. Duela 70-80 urte gertatutakoak kontatzen dizkigutenean gertatzen zaigu hainbeste informazio jasotzen duzula ez dakizula oso ondo non dagoen egia. Momentu batean pertsonaia bat agertzen da eta protagonistari galdetzen dio ea zer egin zuen, jakin min hori agertzen du. Pentsatu nahi dut ikusleak horrekin ere konektatu egiten duela. Badago pertsonaia bat sekretuan bizi dena baina berarentzat sekretua dena kanpokoa da. Interesgarria iruditzen zitzaigun pentsatzea pelikula honetan ezkutatuta dagoena ez dela etxe barrukoa baizik eta kanpokoa.

Antonio de la Torreren eraldaketa filmean sekulakoa da. Uste dut hamabi kilo gizendu behar izan zituela prozesuan zehar...
J.M.G: Hamabi eskatu genizkion baina bera 15 kilo gizendu zen.

… zer moduz sentitu zarete aktoreokin lanean?
A.A.: Inpresioa dugu aktoreak oso gustura daudela filmean egindako lanarekin, bai Antonio, bai Belen eta beste guztiak ere. Pertsonaia guztiek egiten dute ekarpen bat. Informazioa ekartzen dute, edo mehatxua edo dena delakoa. Ajuste bat izan da. Bi pertsona ezagutzen direnean egin behar duzun ajuste hori egin da. Ikusi non dituzun marra gorriak, zer gustatzen zaizun, nondik joan gaitezken. Bakoitzak bere indarguneak ditu. Gogoratzen dut lan hori batez ere izan zela ikustea non sentitzen den eroso bakoitza. Hau sator baten historia da, baina esango nuke, batez ere matrimonio baten historia dela. Biak oso desberdinak izanda, sortu behar dute unitate bat. Bakoitzak bere talaiatik, bere lan egiteko eratik, batek egiten zuen era batera lan, besteak bestera, baina kimika bat edo sortu behar zen. Eta uste dut lortzen dutela.

Makillajeari ere tartea egin nahi nioke. Uste dut karakterizazioan lan handia dagoela.
J.M.G: Erabaki zaila zen. Makillajearekin badakizu beti inpostura bat egongo dela, zerbait faltsua edo artifiziala. Baina era berean behar den zerbait da. Ikusleari sentiarazi behar zaio denbora pasa dela. Behar genuen hori beraien eboluzio fisikoan irudikatzeko. Orduan erabaki genuen protestikoetara jotzea, horrek daukan ‘arriskuarekin’. Nacho Diazekin egin genuen. Bera esperientzia handiko pertsona da. Oso ona da, baina ikusleak badaki hori Antonio de la Torre dela eta zerbait egiten diotela aurpegian. Eta egia da niri behintzat ikusle bezala horrek beste ikuspuntu batean jartzen nauela pelikulan, atera egiten zaitu. Baina uste dut lortu dela historiatik ez ateratzea. Hor dagoen zerbait da, ikusten duzu pertsonaiak zahartu egiten direla eta gainera jarraitzen duzu historia. Horrekin pozik gaude eta uste dugu ondo geratu dela.

A. A.: Hor botatzen zen esaldietako bat zen ‘Handia’-n erronka nagusiena erraldoia bera zen bezala eta film honetan, makillajea.

Heriotza da filma zeharkatzen duen mamuetako bat. Beti dago hor. Baina zuek heriotza beste modu batera txertatu duzue, beste zeharbide batzuetatik. Zergatik erabaki hori?
J.G.: Heriotza oso presente dagoen zerbait da gure pelikula guztietan. Film hau batik bat beldurrari buruzko film bat da. Beldur hori sartzen zaio hezurretaraino eta ez da gai ezer egiteko. Hori horrela izanik, heriotzak badu bere garrantzia. Sator hauetako askok badirudi heriotzari beldurra galdu ziotela kasu askotan eta gehiago zuten beldurra torturatuak izateari edo bestelako gauza batzuei. Esentzian gehientsuenek heriotzari beldurra diogu eta heriotzari beldurra diozulako erabakitzen duzu zure etxean ezkutatzea eta egoera horretan aurre egitea bizitzari.

J.M.G.: Hasieran bazegoen fusilatuen irudiren bat, ez zen fusilamendurik ikusten baina bazegoen zerbait. Gero muntaian kendu egin genuen. Egia da gero heriotza filmean zehar agertzen dela, ez dugu esango nola zehazki, baina gustatzen zaigu pentsatzea filma osoan zehar Espainiako konfliktoan agertzen diren elementu horiek nolabait agertzen doazela baina agian modu desfragmentatu batean. Badaude gaur egun ere egon daitezkeen eztabaidak, exhumazioa, zer egin hilekin, nola gogoratu… badoaz agertzen gauza batzuk filmean zehar ez literalki gauza hauei buruz hitz egiten denean agertzen diren bezala, baina  pentsatu nahi dugu ikuslearengan gogoeta batzuk sorrarazten dizkiegula elementu hauekin.

A.A.: Hasierako eztabaidatan erabaki zen ikuspuntu subjektibo bat ematea. Zerbaitek egiten badu desberdin da horri heltzea, zulo, etxe, kanpo eta horrekin jolastea. Ez errenditzea eta erakustea adibidez kanpoan fusilamendu bat dagoela. Askotan erakusten ez duzuna askoz interesgarriagoa da, beste eragin bat daukalako. Uste dut filmari on egiten diola ezartzen zaion kastitate gerriko horrek. Kanpokoa ez dugu erakutsiko, eta esperientzia subjektiboa erakutsiko dugu. Hori izan zen apustua.

Kastitate gerriko bat aipatu duzu. Zapalduta daude filmean hainbat gauza, batez ere sentimenduak. Beldur horrek eragindako erreprimitze hori. Agonia bat da film hau.
(Barreak)

J.G.: Nik uste gauza guztiak lotuta daudela. Higiniok ez dauka askatasunik. Ez dauka askatasunik etxetik ateratzeko, eta agian hori baino garrantzitsuagoa dena, ez dauka askatasunik bera den moduan izateko. Momentu batzuetan gertatzen zaio hori ere Rosari. Badago kontentzio hori, baino baita ere askatasun falta bat zentzu guztietan.

J.M.G.: Eta kontentzio falta hori badago ere bikotearekin, zer exijitu diezaiokezu edo zer ez? Biok hartu duzue erabaki bat eta erabaki hori da ezkutatzearena, baina gero bizitzan zehar agian fisikoki behintzat bat ezkutatuago dago bestea baino. Baina bizitzak aldatu egiten zaitu. Nik honi zer esan diezaioket? Zer bota diezaioket aurpegira eta zer ez? Horretan guztian badago zerbait, pertsonaia hauek ezin dutela modu librean pentsatzen dutena plazaratu, batak besteari. Alde horretatik ere badago beste gerriko bat, faktore zapaltzaile bat.