Nafarroako herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko mozioa aurkeztu du EH Bilduk
EH Bilduren talde parlamentarioak mozioa aurkeztu du, aste honetan Nafarroako Auzitegi Nagusiak euskararen inguruan kaleratu dituen bi epaien ondotik. Gobernua epaiaren aurkako helegitea jartzera premiatzen duen mozioa aurkeztu du.
EH Bilduk gogor salatu ditu Nafarroako Auzitegi Nagusiak aste honetan Euskararen Dekretuaren hainbat atal baliogabetuz kaleratu dituen bi epaiak.
«Nafarroako eremu misto eta ez-euskaldunean euskara meritu gisa aintzat ez hartzeko erabakiak, bai eta administrazio zentralaren jakinarazpenak zein errotulazioa elebitan izateko beharra bertan behera uzteak ere, nafar euskaldunon hizkuntza eskubideen ukazioa eta zapalkuntza dakar beste beste behin», adierazi du Bakartxo Ruiz bozeramaileak ohar batean.
Indar abertzalearen iritziz, «atzerakada nabarmena da nafarren hizkuntza eskubideetan eta nafar guztiona den hizkuntzaren garapen eta aurrerabidean». Horrekin batera, epaia indarrean dagoen Euskararen Legeak helburu duen sustapen politikaren aurkakoa dela uste du, «ikuspegi erabat murriztailea ezarri duelako».
Horregatik, «ezinbesteko» deritzo «bere burua ‘aurrerakoitzat’ duen Nafarroako Gobernuak herritar guztion eskubideak defendatzea, bereizkeriarik gabe eta ikuspegi murriztaileak alde batera utzita».
Ruizen esanetan, Auzitegiaren epaiek agerian uzten dute «zonifikazioa gainditzen ez den bitartean ezinezkoa izanen dela nafar euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzea eta orain da unea eztabaida berriz ere mahaigaineratzeko».
Horren aurrean, EH Bilduren talde parlamentarioak Nafarroako Gobernua epaiaren aurkako helegitea jartzera premiatzen duen mozioa aurkeztu du, «legegintzaldi honetako akordio programatikoak aldarrikatzen duen ‘kohesio soziala’ eta ‘lurralde kohesioa’ren alde egin dezan».
Horrekin batera, «euskararen ezagutza beste hizkuntzena baino gutxiago inoiz ez baloratzeko erabakia hartzera, baita horrek behar duen euskarri juridikoa ematera ere» premiatzen du mozioak.
Azkenik, «herritar guztion eskubide berdintasuna bermatu eta zonifikazioa gaindituko duen euskararen lege berria onartzeko lan egitea eskatzen du EH Bilduk erregistratutako mozioak».