INFO

Nafarroako Haur Hezkuntzako lehen zikloa «baztertua» dagoela ohartarazi du Steilasek

Nafarroako Haur Hezkuntzako lehen zikloan –hots, 0-3 urte bitarteko ikasgeletan– ematen den bazterketa azaleratu du asteazken honetan Steilasek. Arazoaz ohartarazteaz gain, hau konpontzeko eman beharreko urratsak ere aldarrikatu ditu Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailaren aurrean.

Steilaseko ordezkariak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailaren aurrean mobilizatu dira. (STEILAS)

Nafarroako Haur Hezkuntzako lehen zikloan ematen den «bazterketaz nazkaturik» agertu dira asteazken honetan Steilaseko ordezkariak. 0-3 urte bitarteko ziklo hau «sistematikoki» baztertzea leporatu die bere ardura izan duten alderdi politiko guztiei.

Ziklo honi dagokion «duintasuna» aldarrikatzeko, arazoa konpondu dezaketen urratsak plazaratu dituzten Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailaren aurrean.

Kudeaketa zuzena Hezkuntza Sailak bere gain hartzea aldarrikatu dute, legeek 0-3 urteko zikloa hezkuntzako lehen ziklo gisa onartu dutelako. Hala, zikloa legez edo foru dekretu batez arautu eta garatzea eskatu dute, «hezkuntza etapa honen berezko ezaugarrietara egokitzeko».

Publikoa, doakoa, unibertsala eta elebiduna

«0-3 etaparen konponbidea da Hezkuntza Departamentuak zentro guztiak batera kudeatzea», ziurtatu dute. Horrela, besteak beste, langile guztiek lan baldintza berdinak eta negoziazio kolektiborako esparru bat izango bailukete.

Doakoa –Nafarroako Gobernuak finantzatua–, unibertsala eta elebiduna izatea –euskararen eta gaztelaniaren ezagutza bermatzea– ere funtsezko ikusten du hezkuntza alorreko sindikatuak.

Era berean, Europako Batzordearen Haurtzaroaren Arreta Sareak zehaztutako ildoak errespetatzeko, batzorde honek ezartzen dituen kalitate helburuak betearaztea exijitzen du.