Feminizidioak salatzeko mobilizazioa deitu dute, larunbat arratsalderako, Baionan
Azaroak 25ean Emazteenganako Bortizkeriaren Kontrako Nazioarteko egunaren karietara, Feminizidioak geldi! lelopean martxa bat abiatuko da, larunbat honetan, 15.30tan Baionako San Andres plazatik. Horren aitzin, 10.30tan, elkarretaratze isila deitu dute Roland Barthes zabalgunean, bertara beltzez jantzirik joateko deia eginez.
Azaroaren 25ean Emazteenganako Bortizkeriaren Kontrako Nazioarteko egunaren karietara, hainbat ekimen antolatu dituzte eragile zein norbanakoek Ipar Euskal Herri osoan.
Hitzordu horiek guztiek indarkeria jasaten duten biktimek pairatzen duten egoera mahai gainean jarri eta oinaze hori saihesteko gakoak eskaintzea dute helburu.
Azaroaren 23an, larunbatarekin, hainbat mugimenduk Zutik kolektiboak antolatu duen manifestazio deiarekin bat egin dute.
Lola Garcia PAF ekarteko kideak Euskal Irratietan azaldu duenez, feminizidio aitortzearekin batera, benetako baliabideak hebar dira.
2019ean 136 emazte hil dituzte Estatu frantsesean. Euskal Herrian lau hilketa sexista izan dira, eta horietarik hiru Ipar Euskal Herrian gertatu dira, bi Lapurdin eta beste bat Nafarroa Beherean.
«Egoera oso larria denean esku hartze bat izanen da, baina ez da deus egiten prebentzioaren alorrean, are gutxiago bortizkeriaren jatorriari buruz, eta egoera errorik aldatu behar dela jakin behar da», azaldu du Garciak.
Zutik mugimenduak antolaturiko martxa 15.30etan abiatuko da San Andres plazatik eta suprefeturaren aitzinean bukatuko da. Horren ondotik, Askatasunaren plazan Rojavaren aldeko Parisko mugimenduko kide biren eskutik Kurdistango erresistentzia borroka aipatuko dute. Gai horretan sakontzeko eztabaida izanen da 18.30etan.
Goizez, ordea, beste elkarretaratzea eginen dute Roland Barthes zabalgunean (10.30tan). Ekimen horretara beltzaz jantzirik joateko deia egin dute.
Beste hainbat hitzordu
Kazeta.eus atariak jaso duenez, azaroaren 25ari begira egitarau berezia prestatu du, Baionan, emazte talde batek.
Hori dela eta, gaur hasita eta abenduaren 7ra bitartean hainbat ekimen proposatuko dituzte.
«Egitarauaren helburua informazioa eskaini eta gaia mahaigainaratzea da. Indarkeria sexistekin bukatu behar da eta oroitarazi nahi dugu hori lortzeko borrokatu egin behar dela», nabarmendu du Armelle Etxenike antolatzaileetariko batek.
Bere erranetan, gauzak pitinka aldatuz joan ba dira ere, «emazteen kontrako bortizkeriaren arazoa ez da Ipar Euskal Herriko egunerokotasunean kontuan hartzen den afera bat».
Etxenikek deitoratu duenez, «elkarretaratzeak antolatzen dira, baina ez dira hain jendetsuak, baina arazo oso larria da eta jendeak inarrosi behar du».
Egitaraua begiratuz, gaur, azaroaren 22an, Idoia Torregaraik eta Mirari Martiarenak "Bakean dagoena bakean utzi" bakarrizketa eskainiko dute Epaiska ostatuan.
Azaroaren 28an "Euskal langile andreak aitzinako erregimenetik kapitalismora" liburua aurkeztuko dute elkarte berean.
Azkenik, abenduaren 7rako 2020ko martxoaren 8a antolatzeko lehen batzarra antolatu dute. «Gure xedea urtez urte ahalik eta jende gehiagorengana heltzea da», adierazi du Etxenikek.
Erakundeek bultzaturiko informazio saioak
Bestalde, Donibane Lohizuneko eta Hendaiako herriko etxeen sostenguz, eztabaidak eta filmen proiekzioak antolatu dituzte.
Nabarmendu behar da Hendaian aste honetan bertan Bagera-Nous Sommes elkartea aurkeztu dutela, azkeneko urteotan kostako herrian hainbat kolektibo erakundeekin batera garatu duten prebentzio, informazio eta salaketa lanean sakontzeko xede.
Gisa berean, Lapurdiko erietxeek hainbat herritan informazioa eskaintzeko harrera zerbitzuak proposatuko dituzte, azaroak 28 eta 29an, baita zine proiekzioak eta eztabaidak ere eskainiz.
Finean, Baionako abokatuen elkargoak zuzenbide alorreko profesionalei zuzendutako jardualdia antolatu du gaur. Egun osoan zehar iraganen den mintegi honetan, besteak beste, Laurent Hincker adituak jazarpen moral eta bortizkeria psikologikoei buruz hitz egingo du.