Olaizola-Urrutikoetxeak eraman dute oinazearen puntua
937 pilotakada eta ia 100 minututako partida izugarri gogor batean, Bengoetxea-Aretxabaletak hanketako karrankekin amaitu dute eta ezin izan dute 19-21 irabazten zihoazen lehia itxi.
Gogorra, ikaragarri gogorra izaten ari da Binakakoaren hasiera hau eta martxa honetan jarraituta, zaila egingo zaio bati baino gehiagori martxora iristea. Ia 100 minutu eta 937 pilotakada gurutzatu behar izan dituzte Olaizola II.a eta Mikel Urrutikoetxeak txapelketako lehen puntura eskuratzeko eta lan eskerga horrek berak ez die inolako etekinik eman zutik mantentzeko ere lanak izan dituzten Bengoetxea VI.a-Aretxabaletari. Pentsa, 19-21 irabazten zihoaztela, leitzarrak markinarrari eskatu dio sakea egiteko, berak ezin zuela eta. Erabat indar hustuta, bikote urdinak ezin izan du eskura zuen partida itxi eta azken aldean pilatutako akatsak garesti ordaindu dituzte.
Lehia ikaragarri lehiatua izan da Labritekoa, pilotek ere, nahikoa motelak, horretan euren aletxoa jarri dute, bi bikoteetan bakarra ere ez da eta aurkaria hausteko gai izan.
Hobeto hasi dute partida gorriek, atzelari postuan, Mikel Urrutikoetxeak oinak lau eta erdian-bostean zituela jokatu du, airez asko defendatuz eta Bengoetxea-Aretxabaleta nahikoa itota sentitu dira, Zaratamokoa goitik pasa ezinda.
Aimar, deseroso
Dena dela, esan daiteke Aimar Olaizola izan dela lauretan deserosoen aritu dena, erasora jotzeko kamuts antzean eta atzelariari lan gehitxo lagaz. Pixkanaka, urdinek hartu diete neurria, txapelketan egoteko maila baduela erakutsi duen Andoni Aretxabaletak gero eta atzerago bidali du bere aurkaria eta gauzak orekatu dira.
Materiala bezala, pilotariak erabat gastatuz joan dira, leitzarrak eta markinarrak esku-eskura izan dute garaipena, baina freskotasun apur bat falta izan zaie. Hori bai, pilotazaleek txaloz agurtu dituzte, egindako lana eskertzeko.